Abian dira autobus geltoki berria egiteko lanak
Bi urte iraungo dute lanek; haien eraginak azaltzeko, bilera egingo dute bihar herritarrekin.
Autobus geltoki berriko lanak gaur hasi dituzte. Juan Karlos Izagirre alkateak azpimarratu duenez, “esan bezala”, maiatzean hasi dituzte autobus geltoki berriko lanak. Ez hori bakarrik, gaur egin duten agerraldian gogoratu du 2016rako ere bukatuta egongo direla. Azpimarratu du, lehenago ezin zirela lan hauek hasi eta “hasi behar zirenean” hasi dituztela.
Izagirrek gogorarazi du baita ere, ez zela kokaleku hau, udal gobernuak zuen lehentasuna; “dakizuen bezala, guk beste leku batean egin nahi genuen estazio hau, baina hemen izango da eta kudeatu egingo dugu esan genuen bezala: ondo, oso ondo”, azaldu du.
Lanek hirian eta hiritarrei eragingo dizkien kalte eta aldaketen berri emateko, bihar bilera egingo dute Egiako kultur etxean 19:00etan.
Pasadizoaren sarrera itxita
Hiri Azpiegituretako zinegotzi Nora Galparsorok azaldu duenez, lanek bi urte iraungo dute eta hainbat fasetan banatuko dute prozesua. Gaur, prestaketa lanak hasi dituztela azaldu du; “zerbitzuen desbioari dagokionak eta ingurunearen prestaketari dagozkienak hasi ditugu gaur”, esan du.
Bestalde, aurreratu du, lanek eragindako lehen aldaketa, Egiara doan pasadizoaren sarreraren itxiera izango dela. Hala nola, estazioko eskilaretatik barrena jaitsi beharko dutela erabiltzaileek. Aurreratu du, irisgarritasuna bermatzeko, igogailu bat jarriko dutela bertan.
Errepideen inguruan aurreratu du hainbat mozketa egingo dituztela lanek irauten duten artean, denak bat eta hiru aste bitartekoak. Nahiz horiez aurrerago informatuko duten.