
Mikel Maiza Añorga KKEko pilota arduraduna, Juan Karlos Izagirre alkatea eta Eneko Sierra Añorga KKEko presidentea (Argazkia: E. Zabala)
Evaristo Aiestaran II. Pilota Txapelketa antolatu du aurten ere Añorga Kultur eta Kirol Elkarteak. Euskal Herriko puntako pilotariak bilduko ditu lehiak, eta igande honetan bertan hasiko da, 12:00etan. Txapelketa egingo duten hirugarren urtea da, baina iaz jarri zioten Evaristo Aiestaran izena, omenaldi gisa. Txapelketaren aurkezpena egin dute arratsaldean, eta bertan izan dira Mikel Maiza Añorga KKEko pilota arduraduna, Eneko Sierra Añorga KKEko presidentea eta Juan Karlos Izagirre alkatea. “Euskal Herriko pilota txapelketen artean bere lekua izatea nahi dugu, eta dagoeneko 58 urte bete dituen Jolas Etxea Pilota Txapelketaren osagaia ere izatea”, azaldu du Sierrak.
Txapelketaren inguruko xehetasunak eman ditu Maizak. Araba, Bizkaia, Nafarroa eta Gipuzkoako 16 pilotari lehiatuko dira Añorgako txapelketan, eta bikoteak osatzean nahastu egin dituzte pilotariak. “Zazpi partida izango dira final-laurdenetan, final-erdietan eta finalean banatuta”, aipatu du Maizak. Finala, uztailaren 14an izango da, eta auzoko jaiak izanik aurreko urteetan frontoia zalez betea izan dutela ziurtatu dute.
Evaristo Aiestaran zenaren inguruan hitz batzuk egiteko eskatu diote alkateari, eta bera horretarako egokiena ez dela onartu duen arren, azalpen batzuk eman ditu. “Askotan esaten dut Añorgan baduzuela xarma berezi bat gauzak antolatzeko, eta bereziki kirolaren eta kulturaren inguruan mugimendua duzuela. Askok egiten duzue lan Añorgaren alde, eta Evaristo horietako bat zela konturatu ginen zuekin hitz egitean. Pilota bultzatu zuen, eta aldi berean, auzoaren alde borrokatu zuen. Gainera, denek goraipatzen duzue zein pertsona ona zen”, aipatu du Izagirrek. Udaleko ordezkari gisa aurkezpenera gonbidatu izanaz pozik zegoela esan du alkateak eta udalak ahal duen neurrian lagunduko duela txapelketan. “Eredugarri zarete honetan ere”, gehitu du.
Parte hartuko duten pilotariak:
- Urbieta II (Gipuzkoa)-Linzoain (Nafarroa)
- Larrañaga (Gip.)-Diez (Bizkaia)
- Ojuel (Gip.)-Landaburu (Biz.)
- Elezkano (Biz.)-Telletxea (Gip.)
- Yoldi (Naf.)-Rezusta (Biz.)
- Azpiri (Biz.)-Perez (Araba)
- Ansotegi (Naf.)-Gorrotxategi (Gip.)
- I. Jauregi (Ara.)-K. Galarza (Biz.)