Hiriko museo bakoitzetik bertsolari batek abestuko du larunbatean
Donostiako Museo Sarea osatzen duten zazpi museoak Olatu Talka 2013 jaialdira batu dira. Zehazki, Realaren Museoa, Ontzi Museoa, Museum Cemento Rezola, Donostiako Elizbarrutiko Museoa, San Telmo Museoa, Aquarium eta Eureka! Zientzia Museoa dira sarea osatzen dute museoak. Olatu Talkarekin bat eginez, doako ekitaldi berezia egingo dute larunbatean, 18:00etan: 7ak online Bertsotan Museotik. Euskal Herriko herrialde bakoitzeko bertsolari bana arituko da bertsotan, bakoitza aipatutako museo batetik; hau da, zazpi bertsolari Donostiako 7 museotan banatuak. Saioa museo horietako bakoitzetik edo Internet bidez jarraitzeko aukera izango da.
Honako bertsolariek parte hartuko dute: Sustrai Colina, Oihane Perea, Arkaitz Estiballes, Ramuntxo Christy, Uxue Alberdi, Xabier Silveira eta Xan Alkat. Gai jartzaile lanetan, berriz, Unai Elizasu arituko da eta aurkezlea Xabier Sukia izango da.