
Mikel Alberdi Zumalakarregi Museoko teknikaria eta erakusketaren arduraduna, Nerea Txapartegi udaleko Kultur ordezkaria, eta Jon Urbieta Loiola kultur etxeko zuzendaria (Argazkiak: E. Zabala)
Tropa aliatuek Donostia erre zutela 200 urte igaro dira, baita donostiarrek hiria berreraiki zutenetik ere. Hainbat ekimenen bidez, 1813ko gertakariak gogora ekartzen ari dira bigarren mendeurrenarekin bat eginez, eta horietako bat aurkeztu dute goizean Loiolan. Zehazki, ‘Hirutxulon bizi 1813’ erakusketa zabaldu dute Loiola kultur etxean, duela 200 urteko hiria eta herritarrak nolakoak ziren azaltzen duen erakusketa, 50 irudiren bidez. Gaur ireki dute erakusketa, eta ekainaren 10a arte egongo da Loiolan, ondoren, hiriko gainontzeko kultur etxeetatik igaroko da, Museum Cemento Rezolara iritsiko den arte, 2014ko urtarrilaren 16an.
Nerea Txapartegi udaleko Kultur ordezkaria, Mikel Alberdi Zumalakarregi Museoko teknikaria eta erakusketaren arduraduna, eta Jon Urbieta Loiola kultur etxeko zuzendaria egon dira goizeko aurkezpenean. “Erakusketa paregabea da orduko hiria, bizimodua eta eraikinak nolakoak ziren ezagutzeko. Erreketaren aurreko Donostia aurkezten du”, aipatu du Txapartegik.
Alberdik erakusketa zahatzago azaldu du. “Saiatu gara modu arin batean erakusten orduko hiria. Lan xume bat da, baina guztia ikusi eta irakurriz gero, orduko Donostiaren ideia dezentea egingo du jendeak”, aipatu du Alberdik. Guztira, hiru zatitan banatu dute erakusketa, Harresia, egunerokotasuneko bost atal (Hazi, Lan egin, Olgatu, Elkarrekin bizi, Errezatu), eta Hiria agertoki. Harresia kartoizko kaxen bidez irudikatu dute, eta hainbat azalpen irakur daitezke bertan. Egunerokotasuneko bost ataletako bakoitza kartoizko pertsonaia batek ordezkatzen du, eta horietako bakoitzaren atzean bisitariek eskuetan hartzeko irudiak jarri dituzte, azalpen txikiekin. Hiria agertoki izenekoa, berriz, 1813ko plano bat da, garaiko hiriaren inguruko hainbat azalpenekin.