Ondarreta eta Zurriolako eguzkitako oihalak, ostegunean zozkatuko dituzte
Udaletxeko pleno aretoan egingo dute zozketa 12:00etan; emaitzak webgunean zein udaleko Hondartza Atalean jarriko dituzte.
Maiatzaren 23an egingo dute hondartzetako eguzkitako oihalen zozketa. Ondarreta eta Zurriolako estalkiak zozkatuko dituzte, udaletxeko pleno aretoan 12:00etan.
Zozketarako zenbakia dutenek, zozketan oihala egokitu zaien edo ez jakin ahal izango dute udaleko webgunearen eta udaletxean dagoen Hondartzetako Atalaren bidez.
Prozedurari dagokionez, partaide kopurua kontuan hartuz, hainbat zozketa egingo dituzte, hondartzen eta eguzkitako oihal moten arabera. Zurriolako hondartzan zozketa bakarra egingo dute. Ondarretarako, hiru zozketa egingo dituzte, bat eguzkitako mota bakoitzeko –karpak, itzalkinak eta toldoak–. Kontxako hondartzan ez dute zozketarik egingo.
Zenbakia eskuratzeko
Parte hartzaileek webgunearen bidez jakin ahal izango dute zozketarako duten zenbakia, baita Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako Zuzendariordetzako Hondartzetako Atalean –Ijentea kalea, 1– ere, 2013ko maiatzaren 20tik aurrera.
Zozketan eguzkitakoa egokitzen zaien pertsonek 8 eguneko epea –maiatzaren 31ra arte– izango dute diru sarrera egiteko. Ordaintzen ez dutenek eguzkitakoa galduko dute eta Hondartzetako Atalak zerrendan dagoen hurrengoari hots egingo dio.
Ordainketa egiteko, Kutxabankeko 2095.5381.17.1060188157 kontua jarri dute eskuragarri. Erreferentzia gisa, bere izen deiturak jarri beharko dira eta ondoren ordainagiria udaletxeko Hondartzetako Atalean aurkeztu beharko dute dagokion erreziboa eman diezaioten.