'Ama Lur' filma erakutsiz omenduko dituzte Euskadiko Filmategiaren bost sortzaileak
Euskadiko Filmategia 1978. urteko maiatzaren 1ean sortua da, eta 35. urteurrena ospatzeaz gain, filmategiaren bost sortzaileak omendu nahi izan dituzte.
Joan den astean hasi zituzten ospakizunak, Victor Erice zuzendariaren La Morte Rouge (2006) eta El espiritu de la colmena (1973) erakutsiz Viktoria Eugenia Antzokian. Zine zuzendaria bera ere Koldo Mitxelena Kulturunean izan zen zazpigarren arteaz hitz egiteko.
Sortzaileei eskainitako esker oneko saioa, berriz, bihar egingo dute, Ama Lur (1968) filma erakutsiz Antzoki Zaharrean. Nestor Basterretxea eta Fernando Larruquertek eginiko filma da, “euskal zinemagintzaren mugarri” moduan definitzen dutena adituek. Filma erakutsi aurretik Peio Aldazabal, Euskadiko Filmategiaren sortzailea eta zuzendari ohiak hartuko du hitza, eta gainerako sortzaileen ordezkari gisa Filmategiaren ibilbidea aztertuko du.
Juan Jose Almuedo, Jose Luis Basoco, Jose Manuel Gorospe, Nestor Basterretxea eta Peio Aldazabalek sortu zuten Euskadiko Filmategia. “Garai hartan bost lagun eroren burutazioa izan zenak, hogeita hamabost urte bete ditu, eta etorkizun oparoa duela ikustea pozgarria da benetan”, esan du Peio Aldazabalek.
Lehen urte haiek oso xumeak izan ziren, ez zuten erakunde publikoen babesik, eta azpiegituran nahiz baliabide ekonomiko urriekin egin behar izan zuten aurrera. Baina, Joxean Fernandez, Euskadiko Filmategiaren zuzendariak esan duenez, “sorreratik ikus-entzunezko euskal ondarea jaso, kontserbatu, zaharberritu, ikertu eta zabaltzeko ahalegin izugarria egin zuten gizon hauek eta eskerrak emateko garai dela uste dugu”.
Etorkizuna, Tabakaleran
Andia kalean izan zuen Euskadiko Filmategiak lehen lokala, bederatzi metro karratukoa. Ondoren, Astoria zine aretoaren txoko batean kokatu zituzten, Viktoria Eugenia Antzokiko areto batean gero, eta azkenik, egungo egoitzan, Antso Jakituna kalean. Hala ere, 2015. urte bukaerarako Tabakaleran egotea espero dute. Joxean Fernandezen arabera, “aurrera pauso itzela izango litzateke, neurriko azpiegiturak izango genituzkeelako, artxibo bateratu bat izateko aukera, eta azkenean zine areto bat”.
Zine areto bat edukitzea izan da, hain zuzen ere, ia sorreratik Euskadiko Filmategiaren erronka nagusia. Horrela, Euskal Herriko ekoizpen guztiak erakuteko aukera emango lukeelako, pantalla handira iristen ez diren ikus-entzunezkoak erakusteko eta kultura zinematografikoa osatzen duten klasikoak erakusteko aukera emango lukeelako.
Zabaltze lan horretan filmategien lana ezinbestekoa dela uste du Peio Aldazabalek. Bere hitzetan, “gaur egun zine areto gehienak digitalean egiten dute lan, eta filmategiak izango dira zine soportea gordeko duten bakarrak”.
Ama Lur filma
Nestor Basterretxea eta Fernando Larruquerten Ama Lur (1968) filma aukeratu dute Filmategiaren sortzaileak omentzeko. Eta ez da kasualitatea euskal zinemagintzaren garapena islatzen duen filma izateaz gain, zentzu berezia baitu Peio Aldazabalentzat: “duela 45 urte estreinatu zen filma, eta niri suertatu zitzaidan proiektatzea. Astoriako 1500 eserlekuak beteta zeuden, eta niretzat ohorea izan zen Euskal Herriaren bizimodua, historia islatzen zuen filma esku artean edukitzea”.
Jatorrizko filmaren kopia bakarra dago Filmategian. Egoera edo une oso berezietan bakarrik proiektatzen dira kontserbaziorako kopia hauek, baina Filmategiaren 35. urteurrenak merezi duela uste dute, eta bihar eskainiko dute Ama Lur filma arratsaldeko 20:00etan Antzoki Zaharrean.