Añarbeko basoa ezagutarazteko kanpaina bat abiatu dute
Basoa babestu eta donostiarren artean ezagutzera eman nahi dute; Errenteriako Udalarekin elkarlanean aritu dira.
Donostiako eta Errenteriako Udalek eta Añarbeko Uren Mankomunitateak, Añarbeko Basoa ezagutzera emateko, babesteko eta balioan jartzeko kanpaina abiatu dute. Bioaniztasun Biologikoaren Nazioarteko Egunaren baitan aurkeztu dute kanpaina, Ingurumen zinegotzi Axier Jakak, Añarbeko Uren Mankomunitateko presidente Nora Galparsorok, eta Errenteriako Ingurumen zinegotzi Jose Manuel Ferradasek.
Añarbeko Basoa Aiako Harria Parke Naturalaren eta Natura 2000 Sarearen baitan dago eta 1.028 hektarea dauzka. Errenteriako eremuetan dago zati zabalena –910 hektarea– eta goinontzekoa Donostiari dagokio –Errekabeltz–. Añarbeko Basoak kontserbazio aktiboko kalifikazioa dauka gaur egun.
Añarbeko Basoaren balio ekologikoa ezagutzera eman nahi dute ere kanpaina honen bidez. Axier Jaka, Donostiako Udaleko Ingurumen zinegotziak, zentzu horretan, donostiar askoren artean basoa ez dela oso ezaguna dela adierazi du, kanpaina udalerriko bioaniztasuna ezagutzera emateko eta gune naturaletara gerturatzeko asmoa duela zehaztuz: “Ekimen honen helburua da gure ondare naturala ezagutzera ematea, babestea eta balioan jartzea, azken batean, natura zaintzeaz eta kontserbatzeaz ari gara, eta hori aurrerapen sozial gisa ulertzen dugu, politika hauen ondorioa gure ondare naturala hobekuntza baita”.
Bisita gidatuak
Kanpainak hainbat ekimen izango ditu. Añarbeko balioen inguruko liburuxka bat argitaratuko dute eta guztira 20.000 ale editatuko dituzte. Añarbeko Uren Mankomunitatea osatzen duten udalerrietako udal bulegoetan, turismo bulegoetan, kultur etxeetan, eta kiroldegietan banatuko dira. Leku horietan guztietan 1.500 poster ere egongo dira eskuragarri honako leloarekin: Añarbe Baso Erreserba, basoak eta urak bat egiten duten eremua.
Añarbeko erreserba inguruko 55 jatetxe eta tabernetan, berriz, 200 ur pitxer eta banakako paperezko mantelak banatuko dira, azken hauetan, basoaren inguruko datu interesgarriak eta kontserbazioa sustatzeko mezuak jasoko direlarik.
Azkenik, basora bisita gidatuak egingo dituzte; ekainaren 16ean euskaraz eta ekainaren 23an gazteleraz. Ibilbidea, PR 1003 Urdabururen ibilbideaizango da. Bisita hauetan parte hartzeko aurretik izena eman beharko da 943555431 telefonoan edo info@galemys.com helbide elektronikoan.