Euskal hiztunen mapa egin dute Intxaurrondon
Plazara Goaz, Intxaurrondoko euskaldunen elkarteak, auzoko euskal hiztunen mapa osatu du. Euskaraz hitz egin ahal den denda, taberna, eta zerbitzuen zerrenda bat osatu dute bizilagunen laguntzaz.
Denboralditxo batez Intxaurrondoko bizilagunek beren inguruko eremu euskaldunak ezagutarazi dizkie elkarteari galdetegi baten bidez. Galdetegi horretan denda, taberna edo zerbitzuaren izena, helbidea, eta langile euskaldunen kopurua zehaztu dituzte.
Horrela, ekimenean parte hartu duten auzotarren laguntzaz euskal hiztunen mapa osatu dute. Datu bilketa horren emaitza, bihar, osteguna, azalduko dute Intxaurrondo kultur etxean, 19:30ean. Kaixo, zer nahi duzu jarri diote izena ekimenari, eta auzoko euskal hiztunek ere parte hartuko dute bertan. Intxaurrondon euskarak bizi duen egoera islatu nahi dute mahai-inguruaren bidez.