Imanol Alvarez: "Luzaroan geratzea espero dut eta dena ongi ateratzea"
Imanol Alvarez Bera Bera Eskubaloiko entrenatzaile berria da. Tati Garmendia klubeko kirol arduradunarekin batera egin du agerraldia gaur Alvarezek, eta pozik agertu dira biak ere. Urtebeterako kontratua sinatu du Alvarezek Donostiako taldearekin, hala, urteetan Reyes Karreresek betetako lana bere eskuetan egongo da aurrerantzean. “Gure lehen aukera izan zen eta baietz erantzun zigun. Emakumeen eskubaloiaren gorenean entrenatzeko erronka jarri diogu”, aipatu du Tati Garmendiak. “Tatiren deia jaso ostean egun batzuk eman nituen eskaintza pentsatzen. Azkenean eskaintza interesgarria zela iruditu zitzaidan eta baiezkoa eman nuen. Niretzako erronka bat eta aukera bat izango da, eta horregatik erabaki dut etortzea. Luzaroan geratzea espero dut eta dena ongi ateratzea”, gehitu du Alvarezek. Entrenatzaile moduan urteetako esperientzia duen arren, lehen aldiz entrenatuko du goi mailako emakumezkoen talde bat Alvarezek, orain arte gizonezkoen taldeak zuzendu baititu. Hala ere, horrek ez du kezkatzen: “Kirol berdinaz ari gara, eskubaloiaz, eta oso pozik nago”.
Edonola, ez du lan erraza izango Ermuako entrenatzaileak; Superkopa, Kopa eta Liga irabazi berri dituen taldearen ardura hartuko baitu. “Horrek ere taldea interesgarriagoa egiten duela uste dut. Kanpotik seriotasuna eta ondo egindako lana islatzen du klubak”, aipatu du Alvarezek.
Taldeari dagokionean, ia bere horretan jarraituko du. Eider Rubio jokalari donostiarrak erretiroa hartu du, eta Darly Zoqbi atezain brasildarrak taldea utzi du, baina dagoeneko hutsune horien betetzeko lanean ari direla jakinarazi du Garmendiak.