Izagirre: "Bi urte hauetan, gauzak beste era batera egin daitezkeela erakutsi dugu"
Bilduk bi urte bete ditu udal gobernuan; agintaldiaren erdian, egindako politika ereduak emandako emaitzak baloratu dituzte.
Legealdiaren erdigunea bete du Bilduk Donostiako udal gobernuan. Gaur agerraldia egin du udal talde osoak, bi urte hauetan egindako lanaren balorazioa egiteko. Lortutako adostasun eta akordioak azpimarratu dituzte batik bat: “Gobernu honek akordioak lortzen ditu, egun batean bai eta hurrengoan ere bai, eta ez alderdi batekin, alderdi guztiekin. Urrun gauden alderdiak elkar ulertzen hasi gara hainbat eta hainbat gauzetan, eta hau berria da hiri honetan”, esan du Juan Karlos Izagirre alkateak.
Izagirrek duela bi urte atzera egin nahi izan du balorazioa hasi aurretik: “Gure ilusioa zen gauzak beste era batera egin zitezkeela adieraztea, azaltzea; eta duela bi urte, konturatu ginen, Donostiako gehiengo batek baietz esan zuela, beraiek ere sisnisten zutela”. Hala, esan du, “bi urte hauetan, gauzak beste era batera egin daitezkeela erakutsi dugu”, esa du.
Bildu koalizioaren sorrera ere gogora ekarri du: “Jatorri ezberdinetako jendea batu ginen, eta hau bera bada dagoeneko politika egiteko beste modu bat”, eta ezberdinen arteko baturak, “indartsu” egin dituela esan du.
Bi urteren inguruan, “gauza asko” egin dituztela esan du, eta behin eta berriz azpimarratu du, politika, “pertsonengan pentsatuz” egin dutela. Sortu nahi duten hiri mota, politika mota eta eredu motareren inguruan egunero haien buruari galdetu dietela azaldu du; “nik eta udal gobernu honek argi dugu, Donostia bat nahi dugu irekia, parte hartzailea, pertsonengan oinarrituta, euskalduna, parekidea, anitzagoa, orain bezain bizia, jasangarria, eta krisi garai batean sekula baino ozenago esango dut: sozialki justuagoa”, esan du.
Uholdeak, krisia, inbertsioak
Gai zehatzetan sartuta, lehentasunak aipatu ditu alkateak. Horien artean, lehenengotarikoa Urumea ibaiaren uholdeak ekiditzeko planak aurrera eraman izan azpimarratu du. Horiei lotuta, Txomin Enea eta Martuteneko garapen plana ere azpimarratu du.
Krisi garaiari dagokionez, lana sortzeko ahaleginaz ere aritu da. Hain zuzen ere, duela bost urte baino 6 milioi euro gehiago inbertitu dituztela lanpostuak sortzen gogorarazi du. Hala, ekonomia lokalaren aldeko apustua egin dutela batik bat; “politika sozialak sakontzen eta indartzen ari gara”, esan du Izagirrek.
Kulturari dagokionez, “gure kultura eredua” bultzatzen ari direla azaldu du; “kultura, ez kontsumo aukera bezala bakarrik, baizik eta sortzaileak bultzatu, parte hartzaileagoa egin, herrikoiago eta berritzaileagoa izatea helburu duena”. Hala, 2016a eta Tabakaleraren aldeko udal gobernuarenure “apostu irmoa” berretsi du.
Horri lotuta, euskarari dagokionez, administrazioa eta Donostia euskalduntzea jarri ditu lehentasun modura, “eta lortzen ari gara”, esan du.
Mugikortasuna ere ez du alde batera utzi. Oinezkoen lehentasuna azpimarratu du. Ondoren bizikletak, garraio publikoa eta azkenik garraio pribatua kokatu ditu. Bizikleta publikoaren ezarpena hilabete batzuk atzeratu dela eta, udal gobernuak azaldu du jakina dela arazo batzuk izaten ari direla, “hainbat zailtasun”, baina lehenbailehen horiek ere konpontzeko ahaleginean ari direla.
Parte hartzea, ardatz nagusi bat
Bi urte hauetan ildo nagusienetakoa izan den parte hartzeari buruz ere aritu da Izagirre: “Hiria ez dugu egingo guk bakarrik, ez udalbatzarrak, ez politikariok bakarrik; hiria egingo dute hiritarrek”. Hala, gogoratu ditu legealdia hastean, “auzo eta herrietan” egindako parte hartze saioak. Baina gogorarazi nahi izan du, hori ez zela hartan geratu; “astero joaten gara auzoetara, gauzak azaltzera eta bide horretan jarraituko dugu”, esan du.
Hiria beste modu batera ulertzeko ahaleginean, inbertsioak auzoetara eraman dituztela azaldu du.
Ildo horretan, gazteriari dagokionez ere, gazteekin lan egin dutela azpimarratu du, eta ez gazteentzako. Hala aurrera begira abian duten Gazteria Plana gogoratu du.
Zorrik gabeko udala
Ezin ahaztu izan du, udal gobernura iritsi zirenean jada hiriak bizi zuen krisi egoera, eta horren aurrean hartutako neurriak eta politika ekonomikoak: “Krisi egoera latz batean iritsi ginen gobernu honetara, eta krisi egoera hau sortu du eredu batek, eta guk ez dugu sinisten eredu horretan. Eredua aldatzeko ahaleginak egingo ditugu”, azaldu du.
Hala, udaletxearen egoera ekonomikoari dagokionez, zorrik gabeko udal baten alde egin dutela esan du: “Ez dugu zorretan ikusi nahi udaletxe bat, eta txukun utzi ditugu kontuak, ez bakarrik gugan pentsatuz baizik eta gero etorriko liratekeenetan”. Urte hauetan ez dute zorra kitatu, baina lortu dute behintzat, zorra ez handitzea. Bestalde, azaldu du Gipuzkoako Foru Aldundiarekin zuten zorra kentzea lortu dutela.
Hori bera ez dela erraza izan azaldu du, izan ere, diru gutxiagorekin, zorra ez handitzea aurreztearen eragina izan da: “Duela bost urte baino 108 milioi euro gutxiago ditugu aurrekontuan, eta horregatik aurreztu dugu. Azaleko gastuetan aurreztu dugu: protokolo, opari, dieta eta halakoetan”.
Azpimarratu du, hainbat gaietan ez dutela aurreztu ez murriztu: “Argi izan dugu, marra gorriak non dauden; inbertsio sozialak eta pertsonenganakoak ez dira ukitu, eta kasu batzuetan igo egin dira, zerbitzu guztiak kalitatezkoak mantendu ditugu, baita lana eta kultura ere”, argitu du.
Azpiegitura inbertsioak ere ez dituztela alde batera utzi esan du, hala nola, uholdeen aurkako neurriak, etxebizitzan hartutakoak, auzoetan egindakoak, estolderiak berritzen hartutakoak, peatonalizazioak, autobus geltokia… aipatu ditu.
Gatazka politikoa
Azkenik, udalak Euskal Herriaren egoeza politikoan ere egindakoak apimarratu nahi izan ditu. Besteak beste, gogora ekarri nahi izan ditu Segikoak izatea leporatuta atxilotutako zozrtzi gazte donostiarrak: “Ez ditut ahaztu nahi gaurko balorazioan orain dela egun gutxi, zortzi gazte donostiar eraman zituztela kartzelara politika besterik ez egiteagatik”.
Bestalde, “gatazka politikoari” irtenbidera bidean, “gobernu honek eskubide guztiak guztiontzat izan daitezen lan egin du eta lan egingo du hurrengo bi urtetan”. Hala, aipatu ditu Aieteko Konferentzia antolatzen parte hartu izana edota Giza Eskubideen Batzordea bultzatu izana. Baita ere, biktima guztien aldeko ekimenetan parte hartu dutela gogorarazi du eta, memoria hiztorikoa landu dutela.
Aurrera begirako bidean, “bide oso luzea dugu aurretik, baina aipatu nahi dut momentu batzuetan alderdi guztiek izan duten ausardia pauso batzuk emateko. Lan eta bide honetan sakondu egingo dugu . Gatazkaren inguran, nahiz eta pentsamentu oso ezberdinak eduki, erakutsi behar dugu, kapaz garela hitz egiteko, normaltasun osoz”, esan du.
Azkenik, udal gobernuko lantalde osoari eskerrak eta zorionak eman nahi izan dizkie, eta baita Donostiako herritar guztiei ere.