Tolosa, Oiartzun eta Andoain izango dira Donostiaren hurrengo aurkariak Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan
Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa abian da maiatzaren 12tik, esku pilotan, zesta puntan eta palan; eta Donostiak hiru modalitateetan du ordezkaritza. Zesta puntako lehen partidari dagokionean, donostiarrek maiatzaren 12an ekin zioten etxean lehiari, Zumaiaren aurka, honako emaitzekin: txikienek galdu (30 – 7), juniorrek ere galdu (35 – 14), eta nagusiek irabazi (23 – 35). Ostiral honetan zesta puntan Tolosa izango da Donostiaren aurkaria, Karmelo Balda pilotalekuan, 18:30ean. Esku pilotan eta palan asteburu honetan izango ditu lehen partidak Donostiak; Oiartzun izango da lehen aurkaria esku pilotan, Madalensoro Pilotalekuan, ostiralean, 20:00etan. Palan, berriz, Andoain izango da Donostiaren lehen aurkaria, Altzako Udal Pilotalekuan, igandean, 11:30ean.