1998an Donostiako uretan agertu zen ‘Pakito’ izurdearen espezie berekoa da.
Gaur goizean Kontxan eta portuan ikusi duten izurdeari buruz informazio gehiago biltzen ari da Irutxuloko Hitza.
AMBAR (Itsas Faunaren Ikerketa eta Babeserako Elkartea) elkartearekin jarri da eta Enrique Franco presidenteordearekin hitz egin du.
Elkano izena jarri diote, izurdea Getarian ere izan delako. Izan ere, mendebaldetik ekialderantz joaten ari da gaur Kontxan eta portuan ikusi duten izurdea. AMBAR elkarteak hilabete darama izurde honen ibilbidearen jarraipena egiten. Santoñan, Castron, Bilbon, Bermeon, Elantxoben, Mundakan, Ondarroan, Mutrikun, Getarian, Zumaian eta Orion izan da izurdea.
Espezie mularrekoa (
Tursiops truncatus) da
Elkano. Eta espezie mularren barruan, izurde
enbaxadorea da. 1998an Donostian agertu zen
Pakito izurdearen espezie berekoa da. Enrique Francok azaldu du espezie honetako izurdeei asko gustatzen zaiela ontzien inguruan ibiltzea, eta jendearengana ere gerturatu ohi direla: “Ontzien atzetik ibili ohi dira. Baita urpekarien inguruan ere. Horregatik gustatzen zaie portuetan egotea”. Izurdearen egoera aztertu dute, eta uste dute osasuntsu dagoela, gogotsu ikusten dutelako. Bizkar hegatsean orban bat duela azaldu dute, eta gorputzean ere badu beste bat: “Seguru gaude sare batek edo ontzi batek eragin dizkiola zauri horiek”.
Elkano izena jarri dio elkarteak, baina argi azaldu du izen hori animalia errazago identifikatzeko egiten dutela: “Izenak jartzen dizkiegu, eta ematen du pertsonak bezalakoak direla baina ezin dugu ahaztu animalia basatiak direla”. Horregatik ohartarazi nahi izan du ez dela gomendagarria izurdearengana gerturatzea: “Animalia basatiak dira. Hortz sendoak dituzte, eta indar handia dute. Jolasten baldin bada ere, min handia egin dezake. Egoera zehatz batean erasokor agertu daiteke”.
Ziur aski, Donostiako portua utzi eta Pasaia eta Hondarribia aldera joango dela uste dute AMBAReko kideek.
Beste izurde bat, Zurriolan
Gaur bertan Zurriola hondartzan izurde baten gorpua agertu dela adierazi dio Enrique Francok Irutxuloko Hitzari: “Gorpua oso egoera txarrean iritsi da hondartzara. Zein espezieko izurdea zen identifikatzea lan zaila izango da”.