Euskara, Kultura eta Ogasuneko sailez nor arduratuko den galdetu dute PSE eta PPk
Gascok hiritarrei informazio hori eman behar zaiela uste du; Gomezek aldaketa aurreikusita egon behar zela esan du.
Gaur argitaratu dute Estatuko Aldizkari Ofizialean, udaletxeetako ordezkariek, eta beraz, Kultura eta Euskara Ordezkari Nerea Txapartegi eta Ogasuneko ordezkari Jabi Vitoriak, haien ordezkari lanak egitea eragotziko dien agindua. Udal gobernuak Auzitegi Konstituzonalaren epaiaren ondoren jakinarazi zuen legea bete egingo zuela.
Atzo ordea, legealdiaren erdialdean egindako balorazioan, Juan Karlos Izagirre alkateak Txapartegi eta Vitoriak udal gobernuarekin elkarlanean jarraituko zutela azaldu zuen –beti ere, legea betez–. Ez zuten lan hori nola egingo duten xehetasunik eman, eta horren harira, PPko zinegotzi Ramon Gomezek eta PSE-EEko zinegotzi Ernesto Gascok adierazpenak egin dituzte.
Hain zuzen ere, Gascok esan du, “ondo” iruditzen zaiola Bilduk erabakitzen duen modura Txapartegi zein Vitoriak koalizioarekin elkarlanean jarraitzea, baina “kezkatuta” azaldu da, oraindik gaur ez dakitelako ofizialki nork hartuko duen Kultura, Euskara eta Ogasuneko sailen ardura; “gaurtik aurrera bi pertsonak horiek ezin dute ezer ofizialki sinatu, hori badakigu, falta zaiguna da jakitea nork beteko dituen sail garrantzitsu horien ardurak”, esan du. Adierazi duenez, oposizioari ez ezik, herritarrei ere informazio hori eman behar zaiela uste du.
Gomezek galdera bera adierazi du; “nork beteko ditu sailak? Nork sinatuko ditu sinatu beharrekoak?”, adierazi du. Gainera, azpimarratu nahi izan du, “hau aurreikusita zegoen zerbait” zela, ez “egun batetik bestera” datorren erabaki bat.
Bi zinegotziek adibide berak jarri dituzte, hain zuen, Bilbo eta Madrilekoak, non egoera berean jada jakina den nork ordezkatuko dituen ordezkarien sailen ardurak.
Gascok bere aldetik, Jabi Vitoriak egindako lana azpimarratu du, eta baita galderen aurrean izandako erantzuna ere.