La Anunciatako ikasleen proiektuetako bat finalisten artean dago
Nagore Rodriguez eta Izaskun Martin Altzako La Anunciata Ikastetxeko ikasleak dira, eta Teknoskopia lehiaketako hamar finalisten artean daude. Izan ere, ikerketa lan berezia egin dute galdera honi erantzuna emateko: Platerak garbitu ostean bakteriak geratzen al dira? Dagoeneko egin dute proiektuaren aurkezpena aldundian, eta pozik geratu diren arren konpetentzia handia dagoela onartu dute. Beraiekin hitz egin du IRUTXULOKO HITZAk.
Azterketa egiteko, platerak garbitzeko bost xaboi desberdin hautatu dituzte: marka ezagunekoa, etxean egindakoa eta ekologikoa, besteak beste. Bakoitzarekin plater zikin bana garbitu dute, eta ondoren, laborategian aztertu dituzte. “Ondorioa da guztiek ongi garbitzen dutela, baina hobe da etxean egindako xaboia edo xaboi ekologikoa erabiltzea, ingurumena gehiago errespetatzen dutelako”, azaldu du Rodriguezek.
Proiektua bi lagunen artean egin dute, eta egindako azterketekin eta ondorioekin txosten bat osatu dute: “Proiektuaren ideia izan genuen, eta ondoren irakasle batek egindako hiru aukeren artean bat aukeratu genuen azterketa egiteko. Interneten begira hasi ginen lanean”, esan du Martinek. Guztira, lauzpabost hilabete behar izan dituzte lan guztia osatzeko.