Teknoskopioa proiektu lehiaketako lanak ikusgai daude Gipuzkoa plazan
Ikertzaile gazteen zientzia azoka egin dute.
Teknoskopioa proiektu-lehiaketa antolatu du Elhuyar zientzia taldeak. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleentzako lehiaketa da, eta ikerketa edo teknologia proiektuak aurkeztu dituzte: Minbizia zer den eta prebentzioa, txertoen inguruko ikerketa, igogailu txiki bat, euri azidoaren euritakoa… Hainbat ikastetxeetako ikasleek parte hartu dute, eta guztien artetik 24 hautatu dituzte ikertzaile gazteen zientzia azokan parte hartzeko. Goizeko hamarretan zabaldu dute azoka Gipuzkoa plazako arkupeetan, eta 14:30ak arte iraungo du.
Lan guztien artean hamar igaro dira finalera, eta sortzaile gazteak euren lanak banan bana azaltzen ari dira Gipuzkoako Foru Aldundian. Proiektu irabazleak Bartzelonako Exporecercan parte hartuko du.