Amara Berrin 30 kilometro orduko abiadura ezarriko dute
2014a baino lehen egingo dute; Haize Orrazia, Añorga Txiki eta Arriola Tontorgosouda baino lehen aldatuko dituzte.
Amara Berrin, 2014a baino lehen, gehienez 30 kilometro orduko abiaduran ibili ahal izango dira ibilgailuak –bertako errepide nagusiak salbu–. Mugikortasun zinegotzi Jon Albizuk Plana aurkeztu zion atzoko Mugikortasuneko Aholku Batzordeari eta oposizioaren babesa izan zuen. Albizuk hirian, “30 guneak” deiturikoak egitearen garrantzia azpimarratu du, hiritarrarentzat gune atseginak eratu, bizikleten mugikortasuna erraztu eta zarata eta kutsadura murrizteko; “hau pauso garrantzitsua izango da mugikortasunarentzat oro har eta bereziki Amara auzoarentzat” adierazi du.
Bestalde, udal gobernuak Haize Orrazia, Añorga Txiki eta Arriola Tontorgoson, uda baino lehen 30 kilometro orduko abiadura ezarriko du.
Amara Berrin abiadura muga berria ezartzeko neurria martxan jartzeko, kontuan hartuko dute garraio publikoari galerarik ez egitea, hau pasatzen den kaleetan. Trafiko Zuzendaritza Nagusia lantzen ari den Planaren borradoreak hirietan kale nagusiak ez diren zonaldeetan abiadura muga 30 kilometro ordutan jartzea aurreikusten du. Batzordean planteatu zuten hemendik aurrera hiri osoa “30 gune” izatea, baina pixkanaka egitea erabaki zuten, neurria ezartzen den zonaldeak kontrolatuz, eraginkortasun handiago baten bila.
Albizuk oinezkoen kaleei buruz Mugikortasunak egindako txostena aurkeztu zuen, ekarpenak egiteko aukera zabalduz. Laster Bizilagunen Elkarteekin bilerak egingo dira, intereseko zonaldeak planteatu ditzaten eta kale desberdinak oinezkoentzat egiteko orduak eta egunak ere bai. Neurri hauek aholkulari batzordetik, nahiz bizilagunen partetik ezartzen diren lehentasunen arabera jarriko dira martxan.