Musika Hamabostaldiak kalitateari eustea lortu du
Donostiako 74. Musika Hamabostaldia abuztuaren 1etik 31ra izango da; ekimenaren aurkezpen ofiziala egin dute gaur goizean eta egitarauaren berri ere eman dute. Hamabostaldiak, nola ez, gogoan izango du duela 200 urte hiriak jasandako suntsiketa eta berreraikitzea bere programazioaren barnean. Orokorrean, gutxi gora-behera aurreko urteetako kalitatea eta kontzertu kopurua mantentzea lortu dute antolatzaileek. Hala, guztira, bederatzi ziklotan banatutako 70 proposamen izango ditu hamabostaldiak, eta Donostiaz gain, Gipuzkoako eta Arabako herri gehiagotan ere izango ditu emanaldiak.
Zehazki, 1813ko gertakariak oroitzeko, hamabostaldiak hainbat obra eskainiko ditu, hiru une adierazgarrirekin: Xostakovitxen 13. Sinfonia, Babi Yaren islatuta; Nilesenen 4. Sinfonia Agortezina, giza borondatearen indar agortezinaren adierazle; eta Mahleren bigarren Sinfonia Pizkundea, suspertzearen ideia irudikatzen duena. Azken obra horren interpretazioak abuztuaren 31rekin bat egingo du hain justu ere. “Duela 200 urte hiria oraingo krisi egoera baino egoera askoz larriago batetik ateratzeko gai izan zen”, aipatu du Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiko zuzendariak. Juan Karlos Izagirre alkateak ere ongi gogoan izan ditu orduko gertakariak, eta musikak gizakien sentimenduak beste ezerk baino hobeto adierazten dituela azpimarratu du. “1813an hiriko kale bat bakarrik geratu zen zutik, emakumeak bortxatuak izan ziren… eta donostiarrek hiria berreraikitzeko indarra eta adorea atera zituzten. Kemena izan zuten eta aurten ere ispiritu horri eutsi behar diogula uste dut”, adierazi du Izagirrek. “Musikak historian zehar inork baino hobeto isatu izan ditu gizakiaren sentimenduak”, gehitu du alkateak.
Gainontzeko kontzertuei dagokienean, emanaldien artean, sinfonia ezagunak zein ezezagunagoak entzuneko aukera izango dela nabarmendu du Alfayak. Obra ezagunen artean, Giuseppe Verdi italiarraren Traviata egongo da, esaterako. Bertaratuko diren artisten artean, berriz, Easo abesbatza, Frankfurteko Irratiko Sinfonikoa, Galiziako Sinfonikoa, Ainhoa Arteta sopranoa eta Donostiako Orfeoia egongo dira.
Kursaal auditorioak 11 kontzertu eskainiko dituzte aurten, iaz baino bat gutxiago. Viktoria Eugenia Antzokian, berriz, lau kontzertu eskainiko dituzte, eta iaz bakarra izan zen. Sarrerei dagokienean, merkeenak 10 eurotan mantentzea lortu dute, eta azken orduan 30 urtetik beherako gazteek 3 euroko sarrerak erosteko aukera ere izango dute. Gainontzean, hamabostaldiak azken lau urteetan sarreren prezioa bere horretan mantendu duen arren, aurten %10 igoera izango dute.