Surfa, beldurra eta zientzia fikzioa Guardetxean
‘Surfa, Beldurra eta Zientzia-fikzioa’ Surfilm Festibalaren lehen ekitaldia izango da. Guardetxean egingo dute bihar, 20:00etan.
Gidoietan surfa ardatz duten Z serieko ekoizpenak, poesia soinudun ikaragarriena eta surf musika gordinena omendu nahi ditu jaialdiaren 11. ekitaldiak. Sarrerak 9 eurotan jarriko dituzte salgai, Guardetxean bertan, 19:30ean.
Festa hainbat filmen emanaldiarekin hasiko da. Jack Coleman zuzendari kaliforniarraren Secret Sound Underground filma aurkeztuko dute. Coleman-en hirugarren film luzea da. Surfpunkfunk estiloko ekoizpenak egin ohi ditu. “Harri eta zur geldituko zara zure ametsik onenen eta txunditzeko moduko surfing irudiekin”. AEBetatik beste film bat, Derek Dunfee-ren Shvde film laburra. Mozorrotutako gizon bat, auto klasiko bat, neska eder bat eta Mexikoko olatu sakratuen barne-ikuskizunak nahasten ditu. Eta Euskal Herritik hiru lan. Bata, Eneko Huarte eta Jon Sanpedroren Monsieur Motosierre.Hiru gaztek amestutako olatuaren bila egiten duten bidaia. Umorezko istorioa da batez ere, etxeko beldur apur bat eta surfing-a gainezka duena, eta olatu, sekretismo eta galoien munduari sarkasmo ukitua ematea du helburu. Beste biak Nacho Susaetarenak dira. El nombre de la quilla eta Duct Tape Biarritz aurkeztuko ditu.
Luis Tejerinak eta Unai Azkunek soinu poesia emanaldi bat egingo dute 21:00etan. Tejerinak idatzitako testuek Azkuneren gitarra izango dute lagun. Eta ondoren, 22:00etan… zinema gehiago. Psycholettes (1996) eta Karate a Muerte en Torremolinos(2003). Pedro Temboury zuzendariarenak dira.
Musika Bilboko hirukote batek ekarriko du: The Longboards taldeak. Surf instrumental gordina egiten dute eta Insane azken diskoa aurkeztuko du gauean, 23:30ean. Eta musika gehiago Olimpiquettes taldeko koristarekin, Dj Marie Delaure-ekin. Garage, surf eta Rock and Rollaren arteko nahasketa beldurgarria jarriko du publikoaren gozamenerako.
Guardetxearen ondoren, festak Be Bopen jarraituko du DJ Pedro Temboury-rekin.