Emakumeen Etxea kudeatzeko lehiaketa publikoa egiteko eskatu du EAJk
EAJ udal taldeak mozio bat aurkeztuko du asteazkenean, Osoko Bilkuran, udal Gobernuari eskatzeko Emakumeen Etxearen kudeaketarako lehiaketa publiko bat egiteko: “Ez zaigu egokia iruditzen hau bezalako udal zerbitzu baten kudeaketa udal gobernuak zuzenean ematea, interesatuta leudekeen talde guztiek parte hartzeko moduko lehiaketa publikoa deitu beharrean”. Aitziber San Roman zinegotziaren ustez, lehiaketa publikoa da Emakumeen Etxearen kudeaketa gardentasun irizpideen arabera esleitzeko berme onena; eta aldi berean, zerbitzurik onena bermatuko duena.
Emakumeen Etxea elkarteak kudeatzen du Emakumeen Etxea. Urtarrilaren 25eko Tokiko Gobernu Batzarrak ebatzi zuen Emakumeen Etxearen lagapena elkarteari egitea. EAJ, ordea, ez dator bat udal zerbitzu baten lagapen zuzena egitearekin, zerbitzu hori edozein delarik ere: “Udal zerbitzuen kudeaketa zuzena edo zeharkakoa izan daiteke, eta zeharkako kudeaketa aukeratzen denean, lehiaketa publikoa egin behar du Udalak. Emakumeen etxea ezin da salbuespena izan”, nabarmendu du San Romanek.