Etxeratek salatu du espetxe funtzionario batek Kandido Sagarzazu presoa erasotu duela
Murcia II espetxean (Espainia) dago Kandido Sagarzazu preso donostiarra, eta Etxerat-ek jakinarazi du funtzionario baten erasoa jasan duela. Maiatzaren 21ean izan zen erasoa. Parte Zaharreko presoa espetxeko kiroldegian zegoen, eta Etxeraten arabera, funtzionario bat oso jarrera oldarkorrarekin gerturatu zitzaion: “Kandido Sagarzazuk funtzionarioaren jarrera ikusita egokiena kasurik ez egitea zela erabaki zuen. Baina, orduan honek eraso egin zion, eta kolpe bat eman zion besoan”. Kolpearen ondorioz, Sagarzazuk besoa guztiz ubelduta izan duela esan du Etxeratek.
Erasoaren ostean, Sagarzazu isolamendura eraman zuten, 48 ordurako. Eta espetxe berean dagoen Mikel Izpura preso txantrearrak, elkartasuna adierazteko, plantoa egin zuen, bera ere isolamendura eraman zezaten.
Etxeratek funtzionarioak Kandido Sagarzazu presoarekiko erakutsitako jarrera “oldarkor eta agresiboa” salatu du. “Guztiz ulergaitza eta lekuz kanpokoa” izan zela azaldu du. Presoek eskubideak dituztela eta eskubide hauek errespetatu behar direla adierazi du: “Jarrera hauek, erasoak eta mehatxuak onartezinak dira”.