Gaur deklaratu du Josetxo Ibazetak Auzitegi Nazionalean, "mehatxu terroristak" egitea egotzita
Fiskalak bi urte eta zazpi hilabeteko espetxe zigorra eskatu du Juan Karlos Izagirreren aholkulari ohiarentzat; Eurokopako finala jokatu zen egunean pertsona batzuk “mehatxatzea” eta “terrorismoa gorestea” leporatzen dio fiskalak.
Auzitegi Nazionalak Josetxo Ibazeta Juan Karlos Izagirre alkatearen idazkari ohia epaituko du gaur. Iaz, Eurokopan Espainiako selekzioaren garaipena ospatzen ari ziren pertsona batzuk “mehatxatzea” eta “terrorismoa gorestea” leporatzen dio fiskalak. Pablo Ruz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak baldintzapean aske utzi zuen iazko abuztuan, inputatu gisa deklaratu ondoren.
Gertaera horren berri El Mundo egunkariak eman zuen, bere webgunean jarritako bideo baten bidez eta idatzizko albiste batean. Bideoan ageri denez, Espainiako selekzioaren jarraitzaile batek «etorri hona, gudari» esan, eta aurretik zer oihukatu zuen galdetu ondoren, «Gora ETA militarra» esan zuen Ibazetak. Kazeta horrek idatzizko edizioan dioenez, horren ondoren Ibazetak esan zien lau tiro emango ziela, eta eskuarekin tiro egiteko keinua egin zuen.
Ibazetak ukatu egin zuen Espainiaren zaleak mehatxatu egin zituela, eta azaldu zuen haiek «probokatu» egin zutela. Bideo hori zabaldu bezain pronto, dimisioa eman zuen Ibazetak. Gertatutakoa ez zela “zuzena eta egokia” izan adierazi zuen.
Carlos Bautista fiskalak bi urte eta zazpi hilabeteko espetxealdia eta 10 urtez kargu publikoa izatea debekatzea eskatu du, mehatxu terroristak eta tratu txarrak ematea egotzita.