Ekaitzak ez ditu langileen aldarrikapenak baretu Donostiako Erdialdean
Antiguatik zetorren zutabea izan da Artzai Onaren plazara iristen lehena, eta bertan zain ziren ehunka lagunek ere bat eginez hasi dute gaurko greba orokorreko manifestazioa, 12:30ean.
Hiru, garraiolarien sindikatuko bandera zeraman kamioiak zabaldu du bidea Bulebarreraino. Sindikatuetako ordezkarien arabera, milaka pertsona bildu dira Donostiako kaleetan. Izan ere, ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE, CNT, CGT, Hiru eta beste hainbat gizarte eragilek deitu dute gaurko greba, eta bat eginik zeharkatu dituzte Donostiako kaleak. Hiru zutabe atera dira, Antiguatik, Amara Berritik eta Saguesetik, eta ondoren denak batera joan dira Bulebarreraino. Haize bortitzari eta euri zaparradei aurre eginez, bertan egin dute agerraldia.
Hasiera hasieratik, aldarrikapen eta oihu ugari entzun dira manifestazioan. Lan baldintza duinen alde, langileen eskubideak defendatuz eta patronalaren aurka eginez mezu ugari aldarrikatu dituzte ozen. Eguraldi txarrari aurre eginez, protesta giroa nabaria izan da ibilbide osoan zehar. Baina Gipuzkoako zaharren egoitzetako langileak izan dira, agian, nabarmenenak, kantuan eta saltoka egin baitute bidea. Sindikatuetako ordezkariek ere, euren babesa adierazi diete Bulebarreko agerraldian.