ELA: "Gaurko greba oso garrantzitsua da, baina egunero jarraitu behar dugu borrokan"
Euskal gehiengo sindikalak eta hainbat gizarte eragilek egin dute gaurko greba orokorrerako deialdia. Krisia hasi zenetik hego Euskal Herrian egiten den seigarren greba orokorra dela gogoratu dute sindikatuetako ordezkariek, eta greba egin duten langile guztiei eskerrak emanez hasi dute Bulebarreko agerraldia.
“Eskerrak eman nahi dizkiegu greba egin eta beste behin ere kalera atera diren langile guztiei, baina baita greba egiterik izan ez duten guztiei ere. Patronalaren presioagatik kalera ateratzerik izan ez duten langile horiei, langabetuei eta zerbitzu minimoak betetzeko lan egin behar izan duten langile guztiei”, adierazi du ELAko ordezkariak.
Botere politikoek “beldurra erabiltzen dutela” adierazi dute, baina “gizarte mobilizazio bateratua” beharrezko tresna dela Gobernuaren erabakiei aurre egiteko.
LABeko ordezkarien esanetan, “lan erreforma berriak eta murrizketa gehiago iragartzen dizkigute, baina ez dute nahi dutenik egingo; parez pare izango gaituzte lan hitzarmen duinak eta langileon eskubideak defendatzeko”.
Sindikatuetako ordezkariak haserre agertu dira politikarien eta Gobernuaren jarrerarekin. Agintariak “patronalaren txotxongilo” bihurtu direla eta “politikariek langileak bazterrean utzi dituztela” salatu dute.
ELAko ordezkariaren arabera, “ez da normala langileen soldatak jeistea, gizarteko hainbat arlotan neurri gabeko murrizketak egitea, bankuei dirua emateko; murrizketak justifikatu nahi dituzte bankuei dirua emateko”.
Gizarte eredu berri baten beharra aldarrikatu dute sindikatuek. Horretarako, langileen eta orohar jendarte osoaren parte hartzea beharrezkotzat jotzen dute, eta baita eguneroko borroka ere. “Gaurko greba orokorra oso garrantzitsua da, baina bihar, etzi eta egunero jarraitu behar dugu borrokan”, adierazi du ELAko ordezkariak.
Gipuzkoako zahar egoitzetako langileen borroka jarri dute adibidetzat, patronalari eta agintarien “neurri murriztaileei” aurre egin daitekeela erakusteko.