Eguzkirik gabe hasiko da bihar hondartza denboraldi berria
Eguraldiak askorik laguntzen ez badu ere, bihar, ekainaren lehena, hasiko da ofizialki hondartza denboraldi berria, irailaren 30eraino luzatuko dena.
Gaur egin dute denboraldi berriaren aurkezpena, eta bihartik aurrera hondartzetako oinarrizko zerbitzuak abian jarriko dituzte: dutxak, kabinak, sorospen zerbitzua eta bozgorailuak. Ohi bezala, hiru hondartzetara sartu-irteteko arrapaletan hondakinen gaikako bilketarako egokitutako guneak ere jarriko dituzte.
Bestalde, Kontxako badiako gabarrak ere ekainaren hasieran jarriko dituzte, itsasoaren egoeraren arabera, itsasertzetik 150 metrora, itsasaldia erdian dagoenean.
Hondartzako eguzkitako oihalak eta karpak ekainaren 15etik aurrera egongo dira erabilgarri. Gainera, aurtengo eskaria txikia izan denez, eguzkitako batzuk kentzea erabaki du udalak; 25 karpa eta 15 eguzkitako oihal, hain zuzen ere. Erabiltzailerik gabe geratu diren gainerako guztiak egunero alokatu ahal izango dira.
Aurtengo hondartzen denboraldiko berritasun gisa informazio panelak izango dira. Alde batetik, Santa Klara uhartean udako zerbitzuen berri emateko kartel bat jarriko da, eta baita bertako landare eta animalien berri ematen duten argigarriak ere. Gainera, uhartean hainbat konponketa lan burutzen ari dira, eta udararako txukun-txukun egotea espero dute.
Bestetik, Zurriolako hondartzan arduraz ibiltzeko hainbat gomendio ematen dituen kartelak jarriko dituzte, surflariak eta hondartzan dabiltzan pertsonen artean istripurik gerta ez dadin.
Marmokak
Iaz, Donostiako hondartzetan marmoka gutxi izan bazen ere, duela bi urte izugarri izan ziren. Hori dela eta, aurten ere marmoken presentzia ekiditeko prebentzio kanpaina jarriko dute abian. Azti Tecnalia eta Euskal Meteorologia agentzien laguntzaz marmoken ibilbidea aurrikusiko dute, eta kostaldera gerturatzen badira, unean uneko prebentzio neurriak hartuko ditu udalak.