Donostiarraren Torrekua trainerua ziaboga hartzen, Orioko estropada batean (Argazkia: Estitxu Zabala)
Amilibiari egin dio enkargua Donostiarra Arraun Elkarteak ‘platanito’ moduan ezagunak diren traineru horietako bat egiteko. Halaxe jakinarazi du klubak, komunikabideetara bidalitako ohar baten bidez. Beraz, datorren denboraldian, Xabier Zabalaren kuadrillak traineru berria uretaratuko du, ekainaren 22an hasiko den KAE-1 Ligan parte hartzeko prest egotea espero baitute.
Klubak 40.000 euro inguruko gastua egin du traineru hori lortzeko, beraz, babesleen laguntza azpimarratu du: Martin Berasategi, Kursaal Casinoa, Opel Isasti, Egunon, Druck, Luma Gorri oilaskoak, Petritegi Sagardotegia, Urkatx Arrandegiak, Kai Berri, Aitzaki, Peña Hipica Donostiarra, Egiako Arrano eta Itsas Buru. Babesleez gain, hiriko hamairu gastronomia elkartek ere laguntza eman diote hiriko traineruari, eta hala, datorren denboraldian, arraun bakoitzak elkarte baten izena eramango du: Union Artesana, Gaztelubide, Zubi Gain, Baso Etxea, Oilagorra, Esperanza, Lur Gorri, Aizepe, Amaika Bat, Lagun Garbiyak, Istingorra, Euskal Bilera eta Txapelaundi.
Bide batez, Donostiarrak bere bazkide guztiei eskerrik beroenak eman nahi izan dizkie: “Hastear dagoen denboraldiari begira, Klubak esperantzan eta ilusioan oinarritutako mezua zabaldu nahi du. Proiektuaren hazkuntza etengabekoa da, denen aportazio eta laguntzari esker”, dio oharrak.