Raul Urrutikoetxearen alarguna, Amaia Ollokiegi, Ekainen ireki berri duten erakusketan (Argazkia: E. Zabala)
Raul Urrutikoetxeak oso gogoko zuen hamairu zenbakia, eta bere alargunak, Amaia Ollokiegik, ongi gogoan du hori: “Urrutikoetxea Garcia familiak lotura handia zuen hamairu zenbakiarekin. Urrutikoetxea abizenak hamairu hizki ditu, Groseko Iparragirre kaleko 13 atarian bizi ziren, gurasoek bi jostailu denda zituzten, bata Mirakruz 13an, eta bestea, Antxo Jakituna 13an. Eta beti zebiltzan hamairuarekin”. Horregatik,
Hamairu izena jarri diote Ekain arte lanak galerian ireki berri duten erakusketari, halaxe erabaki baitute Ollokiegik eta bere semeak. Gaur bertan ireki dute erakusketa, maiatzak 31 (13 alderantziz), eta uztailaren 13a arte egongo da zabalik (berriro ere zenbaki hori).
Raul Urrutikoetxeak betidanik izan zuen gogoko margotzea. Bilbon egin zituen Arte Eder ikasketak, eta bere margoak errealismo figuratibo moduan definitzen ditu Ollokiegik. 1962an jaio eta 2002an hil zen Groseko margolaria, minbiziaren ondorioz, 40 urte zituela.
Hamairu erakusketa atzera begirako moduan jarri dute, izan ere, Urrutikoetxearen hasierako garaietatik hasi eta azken lanetaraino bidea jarraitu daiteke.
Sarrera doakoa da eta artelan guztiak salgai egongo dira. Asteartetik larunbatera, 11:30etik 13:30ea eta 17:30etik 21:00etara zabalik egongo da galeria. Parte Zaharreko Iñigo kaleko 4. zenbakian.
Arkitekturarekin lotura handia dute Urrutikoetxearen lanetako askok (Argazkia: E. Zabala)