Surfilm Festibalak hamaikagarren abenturari ekingo dio
Surfilm Festibaleko zuzendariak jaialdiaren hamaikagarren ekitaldia aurkeztu du gaur. Jakina da surfaren mundua abentura bat dela, baina Surfilm Festibala egitea ere abentura gogorra izan dela aitortu du: “Benetan ez da une erraza kultura egitea, eta horregatik deitu diogu horrela aurtengo ekitaldiari. Surfilm Festibal, 11. abentura”. Ekaina eta uztaila hartuko ditu jaialdiak, hainbat egunetan banatu baitute egitaraua. Inoiz baino agertoki gehiago hartuko ditu, eta agertoki irekietan egingo dituzte hainbat ekitaldi – Saguesen eta Ondartxon-.
Wes Anderson zinemagilearen Life Aquatic filmean inspiratuta, jaialdia aurkezteko bideo bat ekoitzi du Rodriguezek. Kepa Acero surflari eta abenturazalea da protagonista. Pasaian, Ondartxon, filmatu dute, ontziola zaharrean. Bideo honetan agertzen dira hain zuzen, jaialdiak hartuko dituen hainbat agertoki. Santa Klara irla esaterako. Bertara txango berezi bat antolatu dute, eta picnic bat egingo dute, ekainaren 8an, larunbata. Stand Up Paddle bat alokatuta, irlara joango dira 13:00ak aldera.
Sagues ere hartuko dute. Saguesen egin zituzten Surfilm Festibalaren lehen proiekzioak, duela 11 urte. Eta bertara itzuliko dira. Kontzertuak, zinema proiekzioak, sardina jatea eta azoka egingo dute bertan. Sagueseko zabalgunea hartuko dute ekainaren 28tik 30era.
Asteazkenean hasiko da, Aquariumen
Aquariumen egiten duten Olatu Garbiak programarekin hasiko da Surfilm Festibalaren egitaraua, ekainaren 5ean, asteazkena. New Yorkeko surf kultura izango da protagonista. Bertan egiten duten Smash surf zinema jaialdiko film laburren hautaketa bat proiektatuko dute. Dokumental bat ere izango da ikusgai: NY after Sandy. Hain zuzen, Sandy urakanak New Yorkeko kostaldean izan zuen eragina azalduko du filmak. Hondartzetako harearen trafikoaren afera ere aztertuko dute jaialdian. Denis Delestrac frantziarraren Sand Wars dokumentala emango dute.
Ostegunean Olatu Garbiak programaren bigarren jardunaldia egingo dute Aquariumen. Porrot egin duten proiektuak izango dituzte hizpide Fuck Up Nights izeneko ekitaldian. Mexikon sortu zen porrotari buruzko historiak partekatzeko ekimen hau, eta Surfilm Festibalen ere egingo dute. Herederos de Rowan publizitate agentziako Oscar Bilbao, NoColor Estudioko Aritz Kabe eta Espacio Por Favor-eko Sergio Montero izango dira euren esperientziak partekatuko dituztenak. Bestalde, Kind Surf eta Clean Ocean Project elkarteak aurkeztuko dituzte. Zinema ez da faltako. Chris Malloy zuzendariaren Groundswell proiektatuko dute. Kanadako British Columbia kostalde basatian egindako surf trip bat kontatzen du. Zonalde hori arriskuan dago egun, petrolioa lortzeko hodi handi bat jarri nahi baitute.
Ekainaren 7an, ostiralean, hasiko da Antzoki Zaharreko egitaraua. Eta igandea bitartean hainbat film emango dituzte bertan. Tartean, Homeland, Cyrus Sutton zinemagilearena. Euskal Herrian filmatu zuen, euskal surfari buruz. Euskaraz emango dute filma, ingeleraz azpidatzita (Ekainak 8, Antzoki Zaharra, 22:30).
Festibaila, Gazteszenan
Dantzarako eta musikarekin gozatzeko momentua izan ohi da Festibaila. Aurten gainera sarrera doakoa izango da. Ekainaren 7an egingo dute, ohi bezala, Gazteszenan. Donostiako Thee Brandy Hips taldeak agur esango du eta azken kontzertua emango du. Haiekin izango dira ere taula gainean Ziburuko The Lookers taldea. Festa bukatzeko, DJ Primo, DJ Nimu eta DJ Ayo Silvers ariko dira.
Ondartxon, Mikal Cronin surflariaren musika
Ondartxon, 50eko hamarkadako ontziola zahar honetan elkartuko dira surfzaleak uztailaren 30ean. Laguna Beacheko Mikal Cronin surflariak kontzertu bat emango du bertan. Zinemari dagokionez, Pacific Vibrations filmaren kopia zaharberritua emango dute; Johns Seversonen film mitikoa da. Surfa, psikodelia, musika eta 70eko hamarkada aztertzen ditu filmak.
Inoiz baino agertoki gehiago hartuko ditu aurten jaialdiak: Antzoki Zaharra, Sagueseko zabalgunea, Ondartxo, Santa Klara irla, Aquarium eta Gazteszenara iritsiko da.
Sancho Rodriguez