Donostiarrak Espainiako Llaut Txapelketa irabazi du
Espainiako Llaut Txapelketako irabazlea izendatu berri da Donostiarra Arraun Elkartea. Zortzi arraunlarik eta patroiak osatzen dute ontzia, eta traineruaren antzekoa da. Xabier Zabalak zuzentzen duen kuadrilla izan da azkarrena, Tarragonan jokatutako lehian. Guztira 60 ontzi baino gehiago lehiatu dira asteburuan. Donostiarrak 5 minutu eta 41 segundo behar izan ditu ibilbidea osatzeko; eta Badalona geratu da bigarren postuan, 5 minutu eta 47 segundorekin.
Aurreko faseak gainditu eta gero, finalean Badalona, Regatas Alicante eta Alicante izan ditu aurkari hiriko taldeak. Andoni Saizar aritu da patroi lanetan eta arraunlariak, berriz, honakoak izan dira: Iñigo Galdos, Iñigo Collazo, Niko Yurramendi, Aitor Aranegi, Jon Sardon, Jon Urretabizkaia, Unai Elizasu eta Ekain Iriarte. Julen Yarza eta Ander Urtasun ordezkoak izan dira.