Ekainaren 10ean irekiko da udazkeneko kirol jardueretan izen emateko epea
Donostia Kirolak Kirol Ekintzak 2013/14 udazkeneko kirol jardueretako kanpaina aurkeztu du. Datorren ikasturterako 71 kirol jarduera prestatu dituzte eta 25.854 toki eskainiko dituzte beraietan parte hartzeko.
Kanpaina honetan, hirian dagoen kirol eskaintza publiko osoa biltzen da, hau da, Donostia Kirolak zuzenean antolatzen dituen ikastaroak eta baita udal kirol instalazioak kudeatzen dituzten klubek eskaintzen dituztenak ere. Aurten, gainera, Txuri Urdin Izotz Jauregiko kirol eskaintza ere barneratu da programaren barruan.
Datorren ikasturtean 71 kirol jarduera ezberdin izango dira aukeran, hainbat eremutan banatuta. Hala, igerilekuetan, igeriketa, uretako gimnastika, ur fisioterapia, bizkar eskola…egin ahal izango dira. Aretoetan, pilates, aerobic, mantentze gimnastika, zizklo-indoor, capoeira, tai-chi, esgrima, judo eta padel, besteak beste. Kanpoan berriz, piraguismoa, running edo surfa, adibidez. Aurten kirol jarduera berriak ere izango dira. Horien artean, izotz gaineko irristaketa, ziklo-fit, kizomba, korrikalarien kluba edo pilates seniorra dira aipagarrienak. Adin guztietarako egokitutako kirol jarduerak izango dira beraz.
Izen ematea
Azken urteetan bezala, ikastaroetako lekuen esleipena zozketa bidez egingo da. Uztailaren 9an izango da zozketa. Bertan parte hartu nahi dutenek izenemate bat egin beharko dute ekainaren 10etik 18ra. Aurretiko izenemate hauek Donostiakirola.org webgunean edo kirol bulegoetan egin ahal izango da: Donostia Kirolakek Anoetan dauzkan bulegoetan edo Altza, Bidebieta, Bentaberri, Egia, Etxadi, Intxaurrondo, Zuhaizti, Manteo, Mons eta Pio Baroja kiroldegietan.



