Hondarraren trafikoa eta Sandy urakanaren ondorengo New York pantaila handira eramango ditu Surfilm Festibalak
Surfilm Festibalak ingurumena eta surfa lotzen dituen sail bat dauka: Olatu Garbiak. Izan ere, olatu garbirik gabe surflariek ezingo lukete itsasoaz gozatu. Ohi bezala, Aquariumen egingo dituzte sail honekin lotutako jarduerak, eta horiekin hasiko da aurtengo Surfilm Festibala. Egun bakoitzeko sarrerak 3 euroan eskuratu ahal izango dira.
Asteazkenean inauguratuko dute Olatu Garbiak, 19:00etan. Gai interesgarriak jorratuko dituzte. New Yorkeko surf kultura eta hondarraren trafikoak kostaldean eragiten dituen arazo larriak, besteak beste. NY After Sandy (68 min.) dokumentalak Sandy urakanaren ondorengo New York hiria nolakoa den azalduko du. Bertako surf kulturan urakanak izan duen eragina aztertuko du, hain zuzen. Dokumentalaz gain, New Yorkeko Smash surf eta zinema jaialdiko hainbat film labur proiektatuko dituzte: Kook Paradise (Danny DiMauro, AEB), Hurricane Sandy: Glance from Above (NYSea, AEB), The Surf Magazines Don’t Talk About Lapsed Catholics (Toddy Stewart, AEB), Stacked (EJ McLeavey-Fisher, Patrick Cummings, AEB), KIND Snacks Jon Rose Hurricane Sandy Relief (AEB), Beach 87th St, Surfing After Sandy (Lukas Huffman, AEB), Rockaway Opera (Zach Halbrand, AEB).
Ondoren, 20:30ean, Sand Wars (75 min) dokumentala izango da protagonista. Denis Delestrac zinemagile frantsesaren ikerketa lan bat da. Hondarraren trafikoak sortzen dituen arazoak azaleratzen ditu film honek. Urrea balio duen baliabide bihurtu da hondarra, eta negozio handi bihurtu da. Filmak hondarraren inguruan sortutako mafiak salatzen ditu. Hainbat hondartza eta irla arriskuan daudela ohartarazten du lan honek, eta baita hainbat pertsonen bizimodua eta bizitokia ere. Filma hasi baino lehenago, Angeluko kostaldearen egoera izango dute hizpidem eta bertako hondartzetan bizi duten egoera larria azalduko dute.
Porrotetatik ikasteak merezi duelako
Ostegunean, ekitaldi bitxi eta dibertigarri bat ekarriko dute Aquariumera: Fuck up Nights. Porrot egin duten proiektuak kontatuko dituzte ekitaldi honetan, 19:30ean. Oscar Bilbaok (Herederos de Rowan), Aritz Kabek (NoColor Estudio) eta Sergio Monterok (Espacio por favor) partekatuko dituzte euren esperientziak. Izan ere, Surfilm Festibalak porrotari buruzko istorioak partekatzeak eta horietatik ikasteak merezi duela uste du. Ekitaldi honetarako sarrera doan da.
Ondoren, 20:30ean, Chris Malloyren Groundswell filma eta bi ingurumen proiektu aurkeztuko dituzte. Antje Bayen-ek Fuerteventurako Clean Ocean Project elkartea aurkeztuko du. 2002. urteaz geroztik hondartza garbiketak antolatzen ditu. Zabor tona ugari bildu dituzte jada. Orain borroka berri batean murgildu dira: Kanarietan petrolio-plataformen instalazioak gelditzea.
Olatuak babesteko adierazpen bat ere aurkeztuko dute. Juanjo Gonzalez Truebak aurkeztuko du. Europako doktorea da geografian, Kantabriako Surf Federazioko Ingurumen saileko arduraduna eta Olatuak babesteko adierazpena-ren egilea. Surfaren itsas-hautsien balioa adierazteko eta horiek ondare eta baliabide natural eta kultural gisa zaintzeko beharraren adierazpen publikoa egingo du.
Chris Malloy zuzendari estatubatuarrak Kanadako British Columbia kostalde basatira eramango ditu ikusleak. Groundswell filmean (25 min.) zonalde hartan egindako surf trip bat kontatzen du. Kostalde hori petrolioarentzako hodi bat jartzeko proiektuaren mehatxupean dago egun.




