Izagirre: "Ez dugu onartuko Eusko Jaurlaritzak Donostiarekin dituen konpromisoak ez betetzea"
Juan Karlos Izagirre alkatea Ana Oregi sailburuordearekin bilduko da asteazkenean, Eusko Jaurlaritzari Loiolako geltokiaren inguruan dituen ardurak bete ditzala eskatzeko.
Joan den ostiralean bozeramaleen presazko batzarra egin zuten udaletxean Loiolako geltokiaren lanen inguruko ika-mika aztertzeko. Bertan, udal talde guztiek idatzi bat onartu zuten aho batez. Agiri horretan Eusko Jaurlaritzari Loiolan burutzen hasiak diren lanak amaitzeko eskatzen diote, eta baita Loiolako geltokia proiektuan onartu bezala burutzea ere.
Bozeramaleen batzordeak adostutako testuaren arabera gainera, Loiolako geltokia oso garrantzitsua da, egungoak ez duelako irisgarritasun neurririk betetzen. Geltoki berriak irisgarritasuna bermatuko luke eta erabiltzaileen beharretarako egokituko litzateke ingurua, batez ere mugikortasun arazoak dituzten bizilagunen mesederako, baina baita auzoaren egitura eta zerbitzuak hobetzeko ere.
Bestalde, Loiola bitan banatzen duen horma kentzea ezinbestekoa dela uste du udalak, auzoaren garapen orekatu baterako eta zerbitzuak bateratzeko. Guzti horregatik, aho batez onartutako agirian eskaera argia egiten die Donostiako udal taldeek Eusko Jaurlaritzari: amai ditzala desdoblamendu lanak, biaduktuan, eta behar diren diru laguntzak eman ditzala geltoki berria egin eta auzoaren berritze lanak bukatzeko.
Izan ere, egitasmoa gauzatzeko Eusko Jaurlaritzak hiru milioi euro ordaintzeko eskatu dizkio Donostiako udalari. Juan Karlos Izagirre, alkatearen arabera, “pertsonetan oinarritutako hiria eraikitzen ari gara eta ez dugu onartuko Eusko Jaurlaritzak Donostiarekin dituen konpromisoak ez betetzea”.
Gros, Añorga, Herrera edo Martutenen oinezkoentzako egokitutako eremuak jarri ditu adibidetzat alkateak, eta Loiolako lanak ere bukatuko diren itxaropena adierazi du. Dena den, udala ez omen dago Eusko Jaurlaritzak eskatzen dion dirua jartzeko moduan, beraz “beren gobernu betebeharrak betetzea” eskatuko dutela adierazi du Izagirrek.
Hiritarren parte hartzea
Eusko Jaurlaritzak Loiolako geltokiko lanekiko hartu duen jarrera auzotarrei azaltzeko, bilera egingo dute ekainaren 13an. Alkateak bileran parte hartzeko gonbitea luzatu die Loiola eta Loiolako Erriberako bizilagun guztiei.



