Montanier: "Aukera bakoitzak bere abantailak eta desabantailak dauzka"
Philippe Montanierrek “egun on” batekin hasi du gaur goizeko prentsaurrekoa. Agurra ematera azaldu da komunikabidez lepo zegoen Zubietako prentsa aretora. Izan ere, hilabete honetan bukatuko zaio Realarekin duen kontratua, eta Frantziako Renne taldeko entrenatzailea izango da datozen hiru denboraldietan. Komunikabideren batek Frantzian Donostian baino bi aldiz gehiago ere irabaziko zuela zabaldu zuen arren, badirudi kontua ez dela horrela, zertxobait gutxiago kobratuko baituela esan baitu. “Bi aukera nituen, urtebeteko kontratua edo hiru urterako proiektu bat. Erabakia profesionala izan da, ez daude erabaki onak edo txarrak. Realari egindako eskaintza eskertzen diot, baina erabakia guztiz profesionala izan da”, azaldu du Montanierrek. Aldi berean, datorren denboraldian Txapeldunen Ligan jokatuko duen talde txuri-urdinaren entrenatzailea ez izateagatik ez dago triste: “Dena ezin da eduki. Aukera bakoitzak bere abantailak eta desabantailak dauzka”.
Sentipen onekin utziko du Reala Montanierrek, edo hala adierazi du behintzat. “Lan ona egin dugunaren sentipena daukat, eta talde honek etorkizun oparoa izango du. Pozik nago klub hau hazten ikusteaz, eta ziur nago hurrengo entrenatzaileak taldeari hazten lagunduko dioela”. Jokalarien aldetik beti babesa jaso duela ere azpimarratu du frantziarrak, eta banindoala jakiteak tristetu ditu, baina abenturaren bukaerara guztiak pozik iritsi gara”. Hala, taldearen batasuna azpimarratu du. “Talde hau desberdintzen duena jokalarien arteko laguntasuna da”.
Umorerako tartea ere izan du Montanierrek, eta realzaleekin ez duela inolako arazorik izan baieztatu du. “Kalean geratu nauen jende guztiak hitz onak izan ditu niretzako. Groseko pintxo-potean ere ibili izan naiz eta Donostiatik joateak on egingo didala uste dut, guztiei gonbidatzen diru asko uzten bainuen”, adierazi du barre artean. Gainera, Donostian gustura egon denez, itzultzeko asmoa ere baduela aipatu du.
Komunikabideren bati kritikaren bat egin dio. “Lehengoan irakurri nuen zuetakoren batek idatzita, ‘Reala laugarrena izan da, Montanierrez gain’, pentsatzen dut badudala ardura pixka bat talde honen hobekuntzan. Ez dut inor behar zein naizen eta nondik natorren jakiteko”, azaldu du sendo. Azken batean, taldeak zelaian zertarako gai den erakutsi duela uste du. “Kritika guztien gainetik, errendimendua da garrantzitsuena. Futbolaren oinarria beti zelaian dago”.



