Arkaitz Rodriguezek espetxean jarraitzea ebatzi du Konstituzionalak
Bateragune auziko bostek espetxean jarraituko dute; Arkaitz Rodriguez altzatarrak, barne. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak atzera bota du bost zigortuak behin behinean aske uzteko defentsak egin zuen eskaera, eta, horrenbestez, espetxean jarraituko dute Arnaldo Otegik, Rafa Diezek, Sonia Jacintok, Miren Zabaletak eta aipatutako Arkaitz Rodriguezek.
Atzo hartu zuen erabakia Konstituzionaleko lehen aretoak. Pascual Sala aretoko presidenteak eta Gonzalez Rivas magistratuak egin zuten txostena, eta Fiskaltzaren eskaerarekin bat egin dute. Konstituzionalak ebatzi du zigorrak bost urtetik gorakoak direlako ezin zaiela bost zigortuei askatasuna behin behinean eman.
Konstituzionalak tramiterako onartu zituen maiatzean Bateraguneko bostek jarritako helegiteak, baina ez du onartu helegite hori erabaki bitartean bostak behin behinean aske uztea, nahiz eta litekeena izan erabakia hartzerako zigor osoa beteta izatea. Espainiako Fiskaltzak maiatzaren 22an preso segitzea eskatu zuen, “bake sozialaren izenean”.