Fernando Diez eta Tati Garmendia, gaur goizeko agerraldian (Argazkia: E. Zabala)
Reyes Karrereri klubaren egituran jarraitzeko eskaintza egin dio klubak, zuzendari tekniko moduan.
Sekulako denboraldia osatu du Bera Bera Eskubaloiak, Liga, Kopa eta Superkopa irabazita. Hala, ABF Ligako txapelduna izateari esker, datorren denboraldian Txapeldunen Ligan jokatzeko txartela irabazi du. Kantxan irabazitakoak, ordea, bulegoetako zorigaiztoa dakar. Izan ere, ekainaren 11n baieztatu behar du klubak ea Txapeldunen Ligan parte hartuko duen edo ez, eta momentu honetan duen aurrekontuaren arabera, uko egin beharko lioke aukera horri. Guztiaren berri emateko eta denboraldiaren balantzea egiteko, prentsaurrekoa eskaini dute gaur goizean Fernando Diez Bera Berako presidenteak eta Tati Garmendia Bera Berako kirol arduradunak.
“Historia egin dugu itxi berri dugun denboraldian, gure lehenengo liga irabazita eta jokoan zeuden hiru lehiak irabazita. Askok erraza izan dela pentsa dezaketen arren, ez da hala izan. Urteetan jende askok egindako lanak jasotako oparia izan da”, aipatu du Diezek. Ligaren garaipena 23 urteren ostean iritsi dela gogorarazi du presidenteak. Kirol arloko garaipena ekonomia arlokoarekin eskutik helduta doazela azaldu du Diezek, denboraldia zorrik gabe itxi baitute. Hala ere, erakunde publikoak dira bereziki Bera Bera zutik mantentzen dutenak, euren diru-laguntzen bidez, eta guztien kopurua jaitsi denez, klubak ere murrizketak egin behar izan ditu datorren denboraldiari begira. Horren ondorioz, guztiz kolokan ikusten dute Bera Berak Txapeldunen Ligan parte hartu ahal izatea. Presidenteak argitu duenez, 600.000 euro inguruko aurrekontua du klubak, duela hiru urte baino ia 300.000 euro gutxiago. Gainera, arlo ekonomiko horrek dakarrena da jokalari gutxiago kontratatzeko aukera izatea, eta ondorioz, jokalari gutxiagorekin zailagoa izango da hainbeste lehietan parte hartzea, jokalariak oso azkar erre baitaitezke.
Azken batean, Bera Berak behar beharrezkoa du babesle nagusi bat denboraldiari aurre egiteko, baina arduradunek badakite ez dela batere lan erraza izango hori lortzea. Edonola, Txapeldunen Ligari agur esaten badio ere, klubak Europako lehia batean parte hartuko duela ziur dago, eta bigarren aukera hori, EHF Kopan parte hartzea izango litzateke. Garmendiak azaldu du dagoeneko jokalariei esan dietela hainbat murrizketa izango dituztela, soldata jaitsierak, pisuetan bizi direnak biren artean banatu beharrean hiruen artean banatu behar izatea, diru sariei agur esatea… “Ahal dugun guztia egingo dugu Txapeldunen Liga jokatzeko, baina ez dugu saiakeran hil nahi”, aipatu du Diezek.
Reyes Karrereri dagokionean, hainbat urteren ostean klubeko entrenatzaile izateari utzi dioena. Bera Berak beharrezkotzak jotzen du Karrerek klubari lotuta jarraitzea, eta horregatik zuzendari tekniko moduan lanean jarraitzeko eskaintza egin diote. “Reyesek denbora eskatu digu eskaintza pentsatzeko”, aipatu du Diezek.