Egun hauetan hasiko dira TAO gune berriak margotzen Antiguan
Aldaketak izango dira TAO zerbitzuan, eta udalak informazio kanpaina bat jarri du abian bizilagunei aldaketen berri emateko. Aparkatzeko egoiliar txartela daukatenek etxean jasoko dute argibide liburuxka, eta baita Morlans eta Loiolako Erriberak bizilagunek ere. Izan ere, irailetik aurrera bi auzo horietan ere ordainketa eremuak finkatuko dituzte.
TAO sistemaren berrikuntzen artean azkartasuna azpimarratu du Jon Albizu, mugikortasun zinegotziak. Izan ere, hemendik aurrera TAO txartela daukatenek ez dute txartela mantendu nahi dutela inola ere adierazi beharko, automatikoki berrituko zaielako, batere gestiorik egin gabe.
Txartela lehenengo aldiz eskuratu nahi dutenek, berriz, inprimaki bat bete eta bi baldintza bete beharko ditu: Donostian bizitzea eta ibilgailuren bat edukitzea.
Aparkatzeko ordainketa sisteman bi eratako aldaketak egingo dira. Alde batetik, fiskalitateari dagozkionak, eta bestetik eremuen aldaketak.
Fiskalitateari dagokionez, irailean espero dute behin betiko onarpena izatea erabakiek: Morlans eta Loiolako Erriberan TAO zerbitzua jartzeak eta Groseko gune batzutan, Ehunurteurrenaren plazan eta Pio XIIko tarifak igotzeak.
Bestetik, bi koexistentzia eremu sortuko dira, Boulebarra eta Askatasun hiribidearen artean. Etxaide kalea, Groseko Klaudio Delgado eta Errenderia kaleak egoiliarrentzako bakarrik bihurtuko dira. Aldaketa hau Peña y Goñi kalea oinezkoentzako eremu bihurtzeak eragin duen leku murrizketa konpentsatzeko izan da. Aizkorri, Rosario Artola eta Illarra Berri kaleek ere egoiliarrentzako tokiak edukiko dituzte.
Gainera, Hondarribia eta Bergara kaleetan, merkataritzako TAOa jarriko dute. Amarako Mutualitateak eremuan merkataritzako eta egoiliarrentzako TAOak berrantolatuko dituzte, Errondo hasieran 1-2/1-3 zonalde mistoa egingo da bertakoentzat eta Amara kaleko bertakoentzako gunea zabalduko da, frontoitik parkeraino.
Jon Albizu, mugikortasun zinegotziaren hitzetan,”aldaketa hauen guztien helburua aparkalekua bilatzeak sortzen duen trafikoa murriztea, egoiliarrek aparkatzeko erraztasun gehiago edukitzea, eta azken finean, trafikoa arinduz, gune atseginagoak sortzea da”.
Egun hauetan bertan hasiko dira TAO eremu berrietako guneak margotzen Antiguan. Ondoren Amara, Gros eta Erdialdeko eremuak egokituko dituzte. Albizuren esanetan, eguraldiaren araberakoa izango da aldaketen iraupena, baina hilabete honetan amaitzea espero dute.