Agenda 21 ekintza planaren balorazioa egin dute, Ingurumenaren Nazioarteko egunean
Ingurumenaren Nazioarteko eguna ospatzen da gaur, eta Axier Jaka, ingurumen zinegotziak Agenda 21 tokiko ekintza planaren balorazio positiboaren berri eman nahi izan du.
Izan ere, 2008-2013 ekintza planaren erdia betea dute dagoeneko, eta epea bukatzerako %80ra iristea espero du udalak. Jakak azaldu duenez, Ekintza Planak 316 ekintza biltzen ditu, hamar lerro estrategikotan sailkatuak. Ekintza horietatik, 192 eginda zeuden aurreko urtearen bukaeran, eta beste 116 abian daude. Lau auzotan jarri dituzten konpost guneak adibidez, pixkanaka hiriko gainerako auzoetara zabalduko direnak.
Ingurumenaren Nazioarteko egunean, Jakak udalak ingurumenarekin duen erabateko konpromisoa azpimarratu du. Bere hitzetan, “ingurumen politikak bultzatzen jarraituko dugu, hiri sostengarriago bat bihurtzeko bidean lanean jarraituz”. Bide horretan, mugikortasuna eta energia nahiz uraren kudeaketa izan omen dira Donostian gehien hobetu diren eremuak.
Adibide gisa, berogailu sistemak aldatuz, argiztapena hobetuz edo leihoak aldatuz, eskoletan lortu den energia aurrezpen nabarmena azpimarratu du Jakak.
Bestetik, ingurumenaren zainketan nabarmentzekoak dira baita ere, kaleak garbitzean edatekoa ez den ura erabiltzea, hondartzetarako kalitate egiaztagiriak, auzoetan auzolaneko konpostajea ezartzea, banakoen berogailu kontsumoak neurtzeko sistemak ezartzea, bioaniztasuna bermatzeko ekimenak edo kontratazioan ingurumen irizpideak kontuan izatea. Gainera, 500 metro karratuko eraikinak erregulatzeko erreti dekretuarei jarraituz, udal eraikinetan energi egiaztagiriak gauzatzen adierazi du Jakak, haietako bakoitzeko energi kontsumoaren berri izateko, eta egoki kudeatzeko.