Emaus Gizarte Fundazioak tamaina handiko hondakinen bilketa publiko bat proposatu du
Ingurumenaren Egunean, Emaus Gizarte Fundazioak hondakinen bilketa eta berrerabilpenaren inguruko prentsaurreko bat eman du Donostian. Eskaera zehatz bat plazaratu du: tamaina handiko hondakinen atez ateko bilketa publiko bat egitea. Izan ere, Emausek hondakin mota hauen berrerabilpenaren alde egin nahi du. Javier Pradini Emaus Fundazioko presidenteak azaldu du egun tamaina handiko hondakin hauek kalean pilatzen direla, eta gehienek zabortegian amaitzen dutela. “Birziklatzearen aldeko kanpaina sendoa egiten ari dira, baina berrerabilpena da funtsezkoena”, adierazi du Pradinik.
Arropa, liburuak, altzariak, tresna elektrikoak… Asko dira kaleko zabor ontzietan eta hauen inguruan ikusten diren hondakinak. Haueek berrerabiltzeko kontrolik gabeko ekintzen ondorioz, berrerabilpen portzentajea %20tik %1era pasatzen dela dio Emausek.
Nafarroaren adibidea azaldu du Pradinik prentsaurrekoan: “Iruñeko herri ordenantzak adibidez espresuki debekatzen du mota honetako hondakinak kalean uztea. Lurraldearen ia %70ean Emaus tamaina handiko hondakinen bilketaz arduratzen da”. Jada 29 urte daramate bertan etxeko bilketa egiten.
Emausek bildutako datuen arabera, Gipuzkoako herri eta hirietan hondakin mota honetako 9.616 tona sortzen dira. Kopuru honen %21 Emausek kudeatzen du. Udal eta mankomunitateek kudeatutako hondakinen %57a zabortegira doazela azaldu du. Aldiz, Emausek bere kabuz bildutako hondakinen %65 berrerabili egiten dela dio. Berrerabilpenaren bidez zabortegiko tratamenduan 390.000 euro aurrezten direla gaineratu du.