Edorta Kortadi, Santa Mariako parrokoa eta elizbarrutiko ondare arduraduna; Mari Cruz Bascones, margolaria eta esmaltegilea; eta Juan Kruz Mendizabal, Donostiako Elizbarrutiko Bikario Nagusia (Argazkia: E. Zabala)
Parte Zaharreko Santa Maria basilikan datozen hilabeteetan izango diren kultur ekimenen berri eman dute gaur goizean. Edorta Kortadi Santa Mariako parrokoak eta Juan Kruz Mendizabal Donostiako Elizbarrutiko Bikario Nagusiak eman dute xehetasun guztien berri. Erakusketek, kontzertuek eta poesia errezitaldiek osatuko dute egitaraua, eta eliza sinistunen eta bestelako sinismenak dituztenen topagunea izatea nahi dute. Horrekin batera, nahi berezi baten berri eman dute, Euskal Herriko arte erlijiosoaren museoa sortu nahi dute, Santa Maria elizan bertan. “Museoa egiteko Rafael Moneorekin hitz egin dugu, baina oraindik ezin izan du hona etorri. Baseliza txikia zegoen tokitik beste alderaino 150 metro daude, eta museo txiki bat sar daiteke bertan. Behintzat, Euskal Herriko arte erlijiosoa diakronikoki jartzeko. Momentu honetan ez dirurik ez programarik ez dugu horretarako, baina planteamendua egin dugu”, azaldu du Kortadik. “Ametsa iritsi bitartean, koroaren azpiko zatia erabiliko dugu topagune gisa”, gehitu du Mendizabalek.
“Benedikto XVI.ak proposatu zuen 2009. urtean eliza eta kultura elkarrizketan jartzea, eta elkarrizketa gune dela iruditzen zaigu Santa Maria basilikako topagune hau. Jentilen Ataria deitu diogu, aukera paregabea delako gizartea eta eliza elkarrizketan jartzeko, batik bat kulturaren zentzu honetan. Jentilaren Atariak guztiei zabaldutako gunea izan nahi du. Bortxarik eta inposaketarik gabekoa, bakoitzak dituen uste eta sinismenak errespetatuz”, azaldu du Mendizabalek. Hala, Arte erlijiosoa, Musika erlijiosoa eta Poesia eta Literatura Erlijiosoa izeneko ekimenak bultzatuko dituzte.
Arte Erlijiosoari dagokionean, hainbat artisten lanekin erakusketak egingo dituzte, eta koroaren azpiko zatian jarriko dituzte. Hala, Eduardo Txillida, Carlos Añibarro, Xabier Egaña, Koldobika Jauregi, Antton Mendizabal, Manuel Jose Garcia, Juan Gabriel Vich eta Mari Cruz Bascones artisten lanetaz gozatzeko aukera egongo da. Gainera, hilabete bakoitzeko hirugarren igandean, 12:30ean, bisitariek artistarekin berarekin hitz egiteko aukera izango dute. Momentu honetan, esaterako, eta uztailaren 31 bitartean, Mari Cruz Basconesen
El Magnificat erakusketa bisitatu daiteke. Bascones Palentziarra da jaiotzez, baina 1957an Tolosako Jesusen Alabak kongregazioko kide izatera igaro zen, eta ondoren, Andoaingo eta Pitillaseko kongregazioetan bizi izan zen, Azpeitiara iritsi arte. Gaur egun, Martuteneko espetxean arte eskolak ematen ditu eta esmaltatutako zeramikak egiten ditu. “Halako toki ederrean nire lanak erakusten uzteagatik eskerrak eman behar dizkiot Edortari. Bereziki Ama Birjina hemen dagoelako, eta bere omenez egin ditut lanak”, adierazi du Basconesek. Esmalteak egitea lan handia dela azaldu du Basconesek, oso tenperatura altuan urtu eta landu behar izaten baititu, eta ondoren urrea eman.
Musika Erlijiosoa atalari ere garrantzia berezia eman diote, izan ere, elizako Cabaille y Coll organoaren 150. urteurrena ospatzen ari dira aurten. Hala, Santa Mariaren Organoaren Lagunek hainbat kontzertu antolatuko dituzte, hilabete bakoitzeko lehenengo igandean, 12:30ean. Ana Garcia, Alice Mendizabal, Loreto Aramendi eta Gorka Cuesta izango dira pianista protagonistak. Ekainaren 8an eta 20n, 19:30ean, kontzertuak eskainiko dute.
Poesia eta Literatura Erlijiosoari lotutako saioak oraindik ez dituzte lotu. Hala ere, Juan dela Cruz, Sor Juana Ines de la Cruz, Teresa de Avila eta beste hainbat lagunen errezitaldiak izango dituztela ziurtatu dute.