Loiolako geltokia. (Argazkia: Nagore Koch)
Juan Karlos Izagirre alkatea Ana Oregi, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika sailburuarekin bildu da gaur goizean, Loiolako geltokiaren arazoaz hitz egiteko. Bilera horretan, Loiolako lanak trenbide sareari dagozkiola onartu du Oregik, beraz, udalak ez du dirurik jarri beharko. Dena den, Loiolako lanak ez daude Eusko Jaurlaritzako egungo aurrekontuan, baina Izagirreren hitzetan, “aurreko gobernuak hartutako konpromisoei eutsi eta proiektua onartzea eskatu diogu Juarlaritzari, eta hala izango da; Loiolak geltoki berria izango du”.
Alkateak Jaurlaritzako ordezkarien prestutasuna eskertu du, eta “Loiolako lanak bere osotasunean beteko direla” gaineratu du. Bere hitzetan, “topoarentzako erraila bitan banatzea beharrezkoa da zerbitzuaren kalitatea bermatzeko, eta hasierako egitasmoan ageri den moduan egingo da, zubia izanik onartuko den irtenbide bakarra”.
Proiektuaren arabera, 2014rako bukatu beharrekoak ziren Loiolako berritze lanak eta geltoki berria eraikitzeko lanak. Alkateak hitzartutako datak errespetatzea espero du. Dena den, ekainaren 25ean udal ordezkariak Eusko Trenbide Sareko ordezkariekin bilduko dira epeen inguruan eta lanen inguruan hitz egiteko.
Bestalde, ekainaren 13an udalak bilera egingo du auzoko bizilagunekin, Loiolako kultur etxean, 19:00etan.