Museoetara irtenaldiak antolatuko dituzte bisitarientzat
Donostia Turismoak eskaintza berri bat prestatu du hirira datozen bisitarientzat: Irtenalditxoak museoetara.
Bi proposamen zehaztu dituzte ekimen honen baitan. Alde batetik, museoetara familia irtenalditxoa. Eskaintza honetan, bi gaueko ostatua sartzen da, gosaria barne, eta baita Aquariumera bisita eta Eureka! Zientzia museora bisita ere. Umeekin datozen familientzat prestaturiko eskaintza da.
Bestetik, orotariko bisitarientzat eskaintzan, bi gaueko ostatua, gosaria barne, San Telmo Museorako sarrera, audiogidarekin eta Getariako Balenciaga museorako sarrera sartzen dira.
Eskaintza hauen prezioa garaiaren arabera eta aukeratzen den hotel edo ostatuaren araberaka izango da.
Hiriko eragile publiko eta pribatuen lankidetzari esker sortutako ekimena da, eta Manu Narvaez, Donostia Turismoko zuzendariaren arabera, “hiriko eskaintza turistikoa zabaltzen du, eta era berean, turismoaren onurak beste jarduera ekonomikoak dituzten alorretara zabaltzen dira. Bizi dugun krisi garaian garrantzia handia dute horrelako ekimenek”.
Ez da horrelako ‘irtenalditxoak’ antolatzen diren lehen aldia. Iaz, jaialdien inguruko irtenalditxoak eskaini ziren udan. Josu Ruiz zinegotziaren hitzetan, “turistek oso harrera ona izaten dute eta museoetara irtenalditxoak ekimena ere, urte guztira luzatuko denez, arrakastatsua izatea espero dugu”.