Betagarri, Gatibu, Lain eta Fermin Muguruza dira Saguesen arituko diren talde euskaldunak
Auryn, Julieta Venegas, Betagarri, Gatibu, Los Chikos del Maiz, Habeas Corpus, Obrint Pas, Lain eta Fermin Muguruza Kontrakantxa taldeek joko dute Aste Nagusian Saguesen.
Aste Nagusian hainbat ekimen eta festarako gune izaten dira Donostian, baina Sagues kontzertuen erreferentzia nagusi bihurtu da azken urteetan. Aste Nagusiko kartelarekin batera aurkeztu dute gaur Saguesko egitaraua. Nerea Txapartegi udal aholkulariaren hitzetan, “estilo eta gustu anitzeko eskaintza osatzen saiatu gara aurtengoan ere, beraz, denek izango dute ongi pasatzeko aukera”.
Zazpi egun, hainbat kontzertu
Hona hemen Saguesen arituko diren taldeen egitaraua. Beti bezala, kontzertuak 23:45ean hasiko dira.
–Abuztuak 10, larunbata: Auryn talde. Sare sozialetan gaztetxoen artean izugarrizko arrakasta izaten ari da talde hau.
–Abuztuak 11, igandea: Julieta Venegasek Los Momentos azken diskoko abestiak eskainiko ditu.
–Abuztuak 12, astelehena: Betagarri taldearen erritmo biziek dantzan jarriko dute Sagues.
–Abuztuak 13, asteartea: Alex Sardui eta Haimar Arejitaren Gatibu taldearen kontzertua izango da.
–Abuztuak 14, asteazkena: Riot Propaganda izenpean, Los Chikos del Maiz eta Habeas Corpus taldeak elkarrekin arituko dira, rap doinuak aireratuz.
–Abuztuaren 15, osteguna: Lain talde gipuzkoarra arituko da lehenengo, eta jarraian, Obrint Pas taldea. Valentziako taldeak doinu eta musika tresna tradizionalak egungo erritmo bizietara moldatzen asmatu du, zuzenekoei izugarrizko indarra emanez.
–Abuztuaren 16, ostirala: azken kontzertua Fermin Muguruza Kontrakantxarena izango da. Bederatzi musikari elkartu dira egitasmo honetan, Xabi Solano tarteko.