
Garraio publikoa da gehien erabiltzen dena Iraunkortasun txostenaren arabera. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Cristina Enea fundazioko Iraunkortasunaren Behatokiak Donostiako Iraunkortasunari buruzko Urteko Txostena aurkeztu du, 2012. urteari dagokiona. 49 adierazleren bidez, hiriko ingurumen-egoeraren azterketa egiten du txosten honek, denboran zehar izan duten bilakaera aztertuz eta lortutako datuen inguruan hausnartuz.
Iraunkortasun azterketaren arabera,
mugikortasunaren esparruan, hazten jarraitzen du bizikletaren erabilerak, eta garraio publikoaren erabilerak behera egin duen arren gehien erabiltzen den garraio bidea da.
Uraren kontsumo orokorrak beheranzko joerari eusten dio, eta horrekin batera, galdutako ur kantitateak ere behera egin du.
Urumeako uraren kalitateari dagokionez, hobetuz doa, gune batzuetan uraren kalitatea eskasa bada ere. Hori diote Loiola eta Santa Katalinako zubien artean, Ergobian eta Igarako ubidean egindako ur azterketek, adibidez.
Hondakinen esparruan, sorturiko hondakin kopuruak behera egiten jarraitzen du, eta gora egin du bereizketa bidez bildutako hondakinen tasak.
Energiari dagokionez, kontsumo elektrikoa jaitsi egin da hirugarren urtez jarraian, baina gasaren kontsumoak % 8 egin du gora. Energia berriztagarrien instalazioak ere gorako joerari eusten dio.
Gizarte esparruan, goraka jarraitzen du langabezia mailak ia lau mila familiak jasotzen dute diru-sarrerak bermatzeko errenta.
Txosten osoa dagoeneko eskura dago
Cristinaenea.org webgunean.