Hondarrezko panpin batek iragarriko du aurtengo Aste Nagusia
Toya Huercanos (Donostia, 1972) da aurtengo Aste Nagusia iragarriko duen kartelaren egilea. Festari baino, eguraldiari keinu egiten dion irudia dirudi, elurrezko panpinaren itxurako hondarrezko panpina baita jaien iragarlea, bere azenario eta guzti.
Apirilean egin zituen egun eguzkitsu haietako batean egin zuela kartela onartu du egileak. “Hondartzan aritu ginen panpina egiten; alabaren eguzkitako betaurrekoak jarri nizkion eta azenario txiki bat sudur moduan. Modu dibertigarri eta ezberdin batez irudikatu nahi izan dut aurtengo Aste Nagusia. Nabari da denok eguzki gogoz, hondartza gogoz gaudela, eta horrekin batera festa gogoz, noski”, adierazi du Toya Huercanosek.
Ezaguna da Toya Huercanosen sormen lana Donostian. Aurtengoa da irabazten duen laugarren kartel lehiaketa, aurretik 2002ko Estropadena, 2003ko su artifizialena eta 2004ko Aste Nagusiko kartel lehiaketak irabazia baita. Donostiako autobusen irudia, hondartzetarako ikurrak eta Kristina Eneako Ingurumen Baliabideen Zentroko diseinuak ere bereak dira.