Manifestaziorako deia egin du Errausketaren aurkako herri plataformak
Larunbatean, ekainaren 15ean, egingo dute manifestazioa Donostian, Birziklatzeari bai. Errausketarik ez; ez hemen, ez inon; ez orain, ez inoiz. Zubietako errauste-planta bertan behera utzi behin betiko lemapean. 17:30ean abiatuko da protesta ekitaldia, Bulebarretik.
Errausketaren aurkako herri platafomako kideek egin dute manifestaziorako deialdia, ekimenari babesa eman dioten beste hainbat eragilerekin batera.
Kepa Olaiz, plataformako ordezkariaren hitzetan, “manifestazio hau ez da helmuga izango, irteera baizik. Ez da gure aldarrikapenei amaiera eman nahi dien ekitaldi bat. Udazkenerako, erraustearen ordezko zabor bilketa sistema bat adostea espero dugu, eta Zubietako errauste plantaren behin betiko itxiera lortzea ere bai”.
Zabor bilketaren gaia ez dela oraingo arazoa gogoratu dute; hamar urte daramatzatela hondakinen kudeaketa egoki baten alde lanean. Olaizen arabera, “errausteak ez du inolako onurarik. Zaborrak biltzen direnean, beti sortzen da hondakina, eta errausketaren hondakin horiek osasunerako eta ingurumenerako kaltegarriak dira gainera; Euskal Herrian ez dago hondakin toxiko horiek eramateko biltegi berezirik”.
Dena dela, errausketaren aurkako taldeen arabera, arazoa ez da konponduko zaborren gaikako bilketa partziala egiten den bitartean. Olaizen hitzetan, “oraingo zabor bilketekin hondakin asko geratzen da oraindik eta hondakin horiek nolabait kudeatu behar dira. Benetako aurrera pausoa gaikako bilketa intentsiboarekin lortuko da”.
Bien bitartean, Errausketaren aurkako taldeak lanean jarraituko duela iragarri du, errausketaren kalteak ezagutarazten jendarteari, Zubietako errauste planta behin betiko itxi arte.