Abuztuan jarriko dute abian bizikleta publikoak alokatzeko sistema
Hamabi geltoki egokituko dituzte bizikleta publikoentzako, eta abuztuaren erdirako jarriko dute abian alokairu sistema.
Jon Albizu, mugikortasun zinegotziak barkamena eskatu du atzerapenagatik, atzerapenak udalaren kudeaketarekin zerikusirik izan ez duen arren. Antza, Bonopark, bizikleta publikoen sistema esleitu zaion enpresak finantzatze arazoak izan ditu eta horregatik atzeratu da berez, apirilean abian behar zuen sistema.
Dena dela, arazoak gaindituta, Bonopark enpresak gaur bertan eman dizkie argibideak udal talde guztietako ordezkariei eta kronograma aurkeztu du.
Bonopark enpresak emandako daten arabera beraz, abuztuan jarriko dute abian bizikleta publikoen alokairu sistema. Hamabi geltoki edo bizikleta hartu eta uzteko toki egokituko dituzte honako tokietan: Gipuzkoa plaza, Easo plaza, Katalunia plaza, Boulebarra, San Frantzisko-Nafarroa hiribidea, Zarautz hiribidea, Maule kalea, Europa Plaza, Pio XII.eko autobus-geltokia, Renferen geltokia eta Eusko Trenen geltokia, Lugaritzen.
Erabiltzaileek 100 bizikleta izango dituzte eskura, eta 180 toki haiek uzteko. Epe erdira, 25 geltoki jarri nahi dituzte, eta epe luzera 55.
Mugikortasuneko zinegotziaren esanetan, “Donostiak Europa mailan erreferente izango den bizikletak alokatzeko sistema izango du laster; apustu estrategikoa garrantzitsua hirian motorrik gabeko mugikortasuna bultzatzen jarraitzeko».
Eguraldi onarekin bizikletaren erabilera igotzen dela uste bada ere, “Donostian urte osoan erabiltzen da bizikleta; abuztura arte itxaron beharko da bizikleta publikoak eskuratzeko, baina mugikortasun ohitura urte osoan landu behar da”, gaineratu du Albizuk.