Andaluziako aditu batek aurrekontuak genero ikuspegitik egiten erakutsi dio udal gobernuari
Donostiako udal gobernuak genero ikuspegia txertatua duten aurrekontuak atera nahi ditu aurrera. Horregatik, 2014ko aurrekontuak egiten hasi aurretik, lehen urrats bezala, sentsibilizaziorako jardunaldi bat burutu du, Berdintasun Sailak antolatuta.
Gaur egin dute jardunaldia, zinegotziek lehenik eta zuzendariek gero. Anabel Escobar izan dute gidari, Andaluziako Juntako Aurrekontuen Zuzendaritza Nagusiko Aurrekontu Politikaren Jarraipen eta Ebaluazio zerbitzuko burua.
Anabel Escobar aditu ezaguna da genero ikuspegia duten aurrekontuen alorrean; gertutik eta sakon ezagutzen du Andaluziako Juntak alor honetan egindako lana, eta esperientzia hori ekarri du eredu bezala, Gobernuak eta zuzendariek Donostian egin daitekeena ikas dezaten. Ez da lehen aldia Anabel Escobar Donostiara datorrela, 2011ean Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako berdintasunaren inguruko Kongresu batean hizlari bezala aritu baitzen.
Bi ezaugarri behar dituzte genero ikuspegitik egindako aurrekontu publikoek. Alde batetik, emakumeen eta gizonen arteko parekidetasunaren helburua txertatzea aurrekontu politiketan, emaitzei bideratuta: eraginkortasuna, kontuak ematea eta gardentasuna bilatuz.
Bestetik, aurrekontuak ikuspegi honetatik egiteak, politika publikoak planifikatzeko eta aurrera eramateko moduak eraldatzea dakar, betiere emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasunak ezabatzeko helburuari jarraituz.