Antonio Carvajal izango da Pentsamenduaren Poesia ekimeneko poeta gonbidatua
Pentsamenduaren Poesia ekimena iristear da aurten ere. Bi ekitaldi izango ditu, biak ere poesiaren eta hark ematen duen askatasunaren inguruan, eta horren berri eman dute gaur eguerdiko prentsaurrekoan. Bertan jakinarazi dutenez, Antonio Carvajal espainiarra izango da aurtengo poeta gonbidatua.
Bihar, ekainak 12, poesia errezitaldi musikatua egingo dute hainbat poetek: Antonio Carvajal bera, Harkaitz Cano eta Ekhine Egiguren donostiarrak, Izaskun Gracia bilbotarra eta Luis Garde iruñarra. Jon Makusok jarriko dio ikuskizunari musika, bere biolinarekin. Viktoria Eugeniako Klub aretoan izango da ekitaldia, 19:30ean. Sarrera doakoa izango da, baina gonbidapenak lortu beharko dira saioa hasi aurretik antzokiko txarteldegian bertan.
Etzi, berriz, ekainak 13, Antonio Carvajalek hitzaldi bat eskainiko du, eta bere azken liburuaren inguruan arituko da, Un girasol flotante. Hitzaldia 19:30ean izango da, Parte Zaharreko San Jeronimo kaleko liburutegi nagusian.