Gaztagintzaren inguruko argazki erakusketa jarri dute San Telmo Museoan
‘Gaztagintza’ izeneko erakusketa txikia ireki dute San Telmo Museoan. Zehazki, gazta egiteko prozesua azaltzen du erakusketak, hainbat argazkiren bidez. Gainera, gaztagintzarako erabiltzen diren tresnek egurretik plastikora eta aluminiora egindako aldaketa du oinarri. Izan ere, San Telmo Museoak bazituen gordeta garai batean gazta egiteko erabiltzen ziren hainbat egurrezko erraminta: Kaikua, txurka, abatzkoa, prentsa makina, abatza, malatsa, epakia… erraminta horiek hartu, eta egun batzuk igaro dituzte Ricardo Iriarte argazkilariak eta Xabier Amoros museoko teknikariak Gabiriako Baztarrika baserrian. Amelia Jauregi eta Asier Osinalde Baztarrika baserriko gaztagileak dira, eta nola lan egiten duten gertutik jarraitu dute Amorosek eta Iriartek. Prozesu horretan, ordea, lehengo eta oraingo erramintak erabili dituzte, aldaketa ikusteko. Hala, azken batean, erakusketak gaztagintzaren prozesua erakusteaz gain, lehengo eta oraingo jardunaren arteko desberdintasuna azaleratzen du. “Museoan gauza asko ditugu, baina ezin ditugu denak erakusgai jarri. Modu honetara, kontestu jakin baten barnean gure piezetako batzuk erakusteko aukera dugu. Museoko piezak kalera atera nahi genituen, kasu honetan, baserrira”, azaldu du Amorosek.
Gaztagileak euren aldetik pozik azaldu dira proiektuan parte hartzeagatik. “Bagenuen gogoa gure lana gizarteratzeko, horrela gure bizimoduak ere aurrera jarraitzen duela ikus daiteke”, azaldu du Amelia Jauregik. Azken batean, gazta egiteko era ia berdin mantendu dela aipatu du Jauregik, baina tresnak aldatu direla. “Pozik hartu genuen museoaren deia eta gure lana argazkitan nola geratu den oso polita iruditzen zait. Oso ongi dago museoak tresna zaharrak gordeta izatea, datozen belaunaldiek ere ikusteko nola lan egiten zen garai batean”, gehitu du Asier Osinaldek.