Marrutxipiko lotura lehenbailehen egiteko eskatu diote EAJ eta PSE-EE alderdiek Aldundiari
EAJ eta PSE-EE alderdiek bat egin dute Marrutxipiko loturaren inguruan. Gaiaren inguruko kezka adierazi dute bi alderdiek, eta hurrengo Udalbatzarrera eramango dute gaia, Aldundiari egitasmoa “lehenbailehen” abian jarri dezala eskatzeko.
Marrutxipiko loturarekin batera, Martuteneko errotonda egokitu beharko litzateke, legealdi hasieran adostutako hiriko sarbideen berrantolaketa gauzatzeko.
Gainera, Denis Itxaso, zinegotzi sozialistaren arabera, “Marrutxipiko lotura egiten ez den bitartean ezingo da Carlos I itxi”. Ildo beretik, Eneko Goia, EAJko zinegotziaren hitzetan, “2013ko otsailean, Azpiegituretako zinegotziak, Nora Galparsorok iragarri zuen apirilean Carlos I-a behin behinekoz itxiko zela. Begibistakoa denez, Carlos I-a ez da itxi eta inork ez daki etorkizun hurbilean ixteko asmorik ote dagoen. Carlos I-a behin behinekoz itxi beharrean, apirilean iragarri zuten udalak Aldundiari Carlos I-a ixteko akordio berria eskatzen ziola. Oraingo honetan Martuteneko errotonda moldatzeko ‘ikerketa’ bat egin behar dela besterik ez da aipatu; ez dute ezer esan Marrutxipiko loturari buruz”.
Marrutxipiko lotura eginda, Gros, Egia eta Intxaurrondo Hegoko bizilagunek hirirako sarbide zuzena izango luketela gogorarazi du Itxasok, hirigunea ibaiaren ertzetik zeharkatzen duten autoen joan etorriak arinduz.