Moda, musika, artea eta iraunkortasuna kalera aterako ditu Kutxa Kultur Hiriak
Kutxa Kultur Hiria izeneko ekimena egingo dute Donostiako erdialdeko kaleetan, ekainaren 22an eta 23an. “Hiria eta kalea aldatzen ari direla erakutsi nahi dugu”, adierazi du Kutxako Iñaki Altunak. Azken batean, moda, musika, artea eta iraunkortasuna kalera aterako ditu Kutxa Kultur Hiriak, era berezi batean.
Erdialdeko kaleak hamabost gunetan banatuko dituzte, eta gune bakoitzean sortzaile batzuk egongo dira, euren lanaren berri ematen, lan hori zuzenean erakusten edo tailerrak ematen. Ahalik eta ekimen irekiena izatea nahi dute, eta herritar guztiei bertan parte hartzeko deia zabaldu diete. Gipuzkoa plazan, esaterako, 30 margolari inguru euren koadroak margotzen arituko dira. Arrasate eta Loiola kaleetan, berriz, musika zuzenean entzuteko aukera egongo da, hainbat talderen eskutik: UK Bill, Cohen, Napoka Iria, Codigo Bushido… Okendo plazan, 25 postu jarriko dituzte Ekobira izenpean, hala, produktu ekologikoak jarriko dituzte salgai eta jasangarritasunaren inguruko tailerrak ere emango dituzte.
Sortzaileen topaketa bat izatea nahi dute ekimenaren bultzatzaileek, bereziki krisian egonda indarrak batzea aukera paregabea dela uste baitute.